Auzitegiak aho batez tramitera onartu du Estatuko Abokatuak aurkeztutako helegitea eta Kataluniako Parlamentuaren bozketa baliogabe utzi du behin-behinean.
Aurreikusita zegoen gisan, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ez ohiko bilkuran unanimitatez onartu du Kataluniaren deskonexio prozesua hasteko adierazpenari Espainiako Gobernuaren ordezkariak egindako inpugnazioa tramitatzea. Honesbetez, Espainiako legeen arabera Kataluniako Parlamentuan egindako bozketa baliogabe geratuko litzateke.
Auzitegiak erabakiaren berri helaraziko die Kataluniako Parlamentuari eta Generalitat-ari, bozketan hartutako erabakietan urratsik eman ez dezaten, eta hala eginez gero, 21 goi karguk erantzunkizunak izango lituzketeela ohartarazi du, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak iragarri moduan. Espainiako Gobernuak "irmotasun eta proportzionaltasunez" jokatuko duela ere esan du auzitegiak.
Generalitatak aurrera segiko du
Konstituzio Auzitegiak erabakia hartu eta berehala Generalitateko bozeramaile funtziotan dabilen Neus Munték kamera aurrean eman du Mas-en exekutiboaren iritzia: "Gobernuak Kataluniako herriaren mandatua betetzen eta betearazten segiko du", esan du. Bere aburuz Parlamentuko bozketak "legitimitate" osoa ematen dio Gobernuari independentziarako prozesuarekin aurrera segitzeko.
Munték gogor kritikatu du Rajoyren gobernuaren jarrera, justizia erabiliz "herritarren eskubideei mozala jarri" nahi dielako: "Baina demokrazia ez dago arriskuan Katalunian, kontrara, osasuntsu dago", gaineratu du.