Euskaraz egiteko konpromiso txikiak eta handiak hartuko dituzte Aiaraldeko bederatzi udalerrietako norbanako eta entitateek. Konpromisook Euskararen Egunean, abenduaren 3an, jakinaraziko dituzte.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua ari da prestatzen Euskararen Eguneko ekitaldia. Euritako koloretsuak, haize-errotak, martxak, dantza eta musika izango dira, baina helburua garbi du Kontseiluak: “Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzea. Euskarak ez ditu hitz ederrak behar, euskarak konpromisoak behar ditu, espazioak irabazteko, kale erabilera handitzeko... Denok har ditzakegu konpromisoak, izan hauek handiak, txikiak, ertainak, tenporalak zein betirakoak… izan gu euskaldunak, erdaldunak, edo eta euskara apur bat ulertzen dutenak, euskaraz jakin ez arren ere, euskararekiko konpromiso asko har baitaitezke”.
Herritarrek eta entitateek haien konpromisoak prestatuko dituzte eta abenduaren 3ko ekitaldian jendaurrean azalduko dituzte. Euskalgintza Kontseiluak eskura jarri ditu interneten bi gune lanak errazteko. Konpromisoen ideiategian edonork har ditzakeen konpromisoen zerrenda dago, eta lotura honetan berriz, norberak hartu duen konpromisoa idazteko tokia.
Denbora da kanpainan ari direla eskualdean. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua aurtengo otsailean eratu zen euskararen normalizazioan eragiteko. Eskualdeko 40 entitatek baino gehiagok parte hartzen du Kontseiluan, tartean dira kirol elkarteak, ikastetxeak eta kultur eremukoak. Kontseiluak eskualdeko bederatzi udalekin (Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara, Artziniega, Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo) eta Aiarako Koadrilarekin elkarlan hitzarmena sinatu zuen udaberrian.
Ikastetxeetan unitate didaktikoak
Marrazki, dantza, kanta eta jolas bidez euskara zaintzen eta maitatzen irakasteaz gain, haurrek eta euren gurasoek hizkuntzarekin har ditzaketen konpromiso txiki eta handiak erabakitzen lagunduko diete eskola umeei.