argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Konponduko ote du etorkizuneko diruak iraganeko ustetsuen hutsegitea?
  • Errealitatea da dirua ez dela nahikoa ontziolak nahieran sortu eta itsasontziak nahi ahala egiteko. Kokapenak, azpiegiturak, laneskua, lehengaiak, talentua, eskarmentua… gauza asko behar dira, diruaz gain. Ontziolak erauztea oso “erraza” izan zen AEBentzat; kostako zaie berregitea.

Mikel Aramendi 2025eko uztailaren 08a
Gaetano56 / Wikimedia Commons

Zalapartan ez ezik, orroka hasi da areto politiko mendebaldarraren erdian aspalditik zegoen elefantea.

Duela hilabete batzuk, Hego Koreako estatu-kolpe bihurriaren harira (eta, batez ere, haren inguruan sumatzen zen hauspo estatubatuarraren bafadagatik) izan genuen hizpide txoko honetan mundu mailako itsasontzigintzaren korapilo estrategikoa: munduko itsasontzi gehien-gehienak Asia ekialdean egiten dira gaur egun. Erdiak baino dezente gehiago, Txinan; laurdenak, Hego Korean; eta zortziren bat, Japonian; gainerakoak, apurrak, Mendebaldeko herrialdeetan eta abarretan.

Gerraontzien kasuan, proportzioak ez dira guztizkoaren pare-parekoak, noski, baina ontzigintza-ahalmena bat eta bakarra da, merkataritza-ontzigintzarako eta bestelakoetarako. Mendebaldeak hamarkadak daramatza gerraontzi gutxi egiten... gehiago ezin duelako; ez diruz eta ez azpiegituraz.

Nagusitasun geoestrategikoa kolokan ikusi ez den arte bost axola zion horrek. Ontziolak erbesteratzea pozgarria izan da elite ekonomikoentzat: egin dezatela asiar horiek etekin gutxiko lan kutsatzaile, nekoso eta zatar hori. Urruti gabe ditugu adibideak.

AEBak aitzindariak izan ziren horretan, beren lurraldean gerraontziak –eta haiek ere mantso-mantso– egiteko ontziolak besterik ez uzteraino. Baina “Txinaren goraldia” ukaezina bihurtu ahala, kontrako sagailoa altxatu da: AEBetako ontzigintzaren ahulezia, orokorrean, eta gerra-ontzigintzarena beren-beregi, ezin larriagoa dela aldarrikatzen ari dira, gero eta ozenago, adituak eta arituak.

Elite politikoak ere, aho batez, esan liteke, ontzat eman du emergentzia-orro hori: mundu mailako hegemonia omen legoke jokoan. Trump Etxe Zurira itzuli baino lehen, Kongresuko Aurrekontu Bulegoak plazaratua zuen jada hari eusteko egitasmo erraldoia: datozen 30 urteetan, urtero 30 mila milioi bideratzea gerraontzi berriak egiteko. Inguruko guztia –azpiegiturak, ontziak armaz eta gainerakoez hornitzea, mantentze-lanak...– kontuan hartu gabe.

Biden administrazioak Japonia eta Hego Korearekiko lankidetzatik espero zezakeen onura biziro murriztu dela dirudi, Trumpek herrialde horiei ezarri nahi dizkien muga-zergen harira. Batek daki zein den kausa eta zein ondorioa. Baina gero eta garbiago dago AEBek, itsas-berrosatze horretan, bidelagun izan ditzaketen bakarrak NATOko bazkideak direla. Hortik disparatezko ehuneko 5aren tema. Abiapuntua ere halakoa dutelako.

Bada, halere, beste eragozpen potolo bat: errealitatea. Errealitatea baita dirua ez dela nahikoa ontziolak nahieran sortu eta itsasontziak nahi ahala egiteko. Kokapenak, azpiegiturak, laneskua, lehengaiak, talentua, eskarmentua… gauza asko behar dira, diruaz gain. Ontziolak erauztea oso “erraza” izan zen; kostako zaie berregitea.

Laster izango dugu ate joka gaia geurean ere.