argia.eus
INPRIMATU
Konponbiderako bidearen oztopatzea salatu eta protestak iragarri ditu EPPK-k
  • “Konponbidearen bidea oztopatua dagoen bitartean, kartzelako egoera gero eta gordinagoa da”, EPPK-k Berria eta Garara igorritako agiriaren arabera. Erakundeak adierazi du Espainiako Estatua “eginahalak eta bi” egiten ari dela konponbidea ixteko; eta Frantziako Estatuaren lankidetza duela horretarako. Bere aldetik, gaixo dauden presoen egoera salatzeko protestak iragarri ditu Kolektiboak.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 10
Euskal presoen alde Euskal Herrian eta nazioartean burutzen ari diren ekimenak eskertu ditu EPPK-k. (Arg:Monika del Valle / Argazki Press)

EPPK-ren agiriak aipamen berezia egiten dio gaixo dauden euskal preso politikoen auziari, eta mobilizazioak iragarri ditu: “EPPK-ko kideok otsailaren 15etik 20ra bitartean hainbat ekimen burutuko dugu gaixo larri dauden presoen askatasuna eskatzeko”. Protesta horietan, kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zer nolako ekimenak burutuko dituen aste barruan; eta, azken egunean, guztiek barau egingo dute.

Kolektiboaren aburuz, arduradun politikoek “zekenkeriaz” jardun dute egoera berriaren aurrean: “Haien legeak bihurritzen dituzte beren intereserako. Eta legeak aski ez zaizkienean, berriak asmatzen dituzte. Gatazka betikotzeko”. Horren baitan, gaixo dauden presoen egoera, zigor urteen luzapena eta akusazio berri eta kondena potoloen banaketa salatu ditu Kolektiboak.

Aktore politiko nagusiek euskal preso politikoei eginiko zenbait eskakizun “berariazko bidegabekeria” gisa ikusten ditu EPPK-k: “Damutzea eskatzen zaigu, ez garela damutuko jakinda; kideak sala ditzagun eskatzen zaigu, ez ditugula salatuko jakinda; sinesten ez duguna esatera akuilatzen gaituzte, halakorik ez dugula egingo jakinda”.

ETAk borroka armatua bertan behera uzteko erabakia hartu zuenean, ziklo politiko berrira egokitzeko beharra izan du EPPK-k. “Zailtasunak ez ditu faltan izan”, azaldu du. Kolektiboa eskertuta dago bide horretan “Euskal Herriaren askatasunaren bidean” bere alea jartzeko aukera izan duelako. Horrela jarraituko duela iragarri du, “behar denerako prest”.

EPPK eta amnistiaren aldeko antolakundea

Agiriak aipamen egiten dio iazko azken hilabeteetan EPPK eta euskal presoen amnistia eskatzen duen mugimenduaren artean izandako polemikari. Horren harira, bakoitzaren helburuak eta beroriek lortzeko jarraitu beharreko bideak zeintzuk diren hausnartzera bultzatu ditu antolakundeak. Bere aldetik, Kolektiboak ezker abertzalearen baitan kokatzen du bere burua: “Ezker abertzalearen baitan kokatzen da EPPK, gutako bakoitzak eta ezker abertzalearen ekimen eta ekinaren gaineko bere iritzia izanda ere”.