argia.eus
INPRIMATU
Zuzeneko kronika
Konplizitatearen lekuko

Uxue Gutierrez Lorenzo 2024ko apirilaren 02a
Asier Corera / Loraldia

Neomak

Non: Bilboko Arriaga Antzokian

Noiz: Martxoaren 14an

---------------------------------------------------------------------------------------------

Ikuslerik gazteena zu izango zara”. Arriaga Antzokiaren kanpoaldean ama batek bere alabari esandako hitzak. Neskatoak 7-8 urte izango ditu, eta beranduago baieztatu dut ez dela kontzertuko ikuslerik gazteena izan. Haur, gazte, heldu… adinak adin, emakume asko daude Neomaken kontzertua ikusteko esperoan. Nabarmen dira gehiengoa. Kasualitatea? Ez dut uste. Oholtzan sei emakume ikusiko ditugu, eta publikoan makina bat. Irudi esanguratsua.

Aurtengo Loraldia festibalaren ekintzetako bat da Neomaken kontzertua. Jaialdiaren 10. edizioa da aurtengoa, eta hogei egunez Bilbo euskal kultura garaikidearen erdigune bihurtzea du helburu jaialdiak.

Amets Ormaetxea, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta,  Irati Gutierrez, Garazi Otaegi eta Eneritz Aulestia Mutiozabal dira Neomak. Kepa Junkeraren sorginak izandakoek indarrez ekin diote proiektu berriari. Hasieratik aurreratu dute kontzertuaren ardatza: zaharra berritzera datoz, betiko kantutegia eta soinuak gaurkotzera.

Maoizko prakak eta alkandora zuria jantzita sartu dira seirak, bitxi, urre, makillaje eta orrazkera indartsuz atonduta. Oholtza gainean ekin ordez, publikoaren sarrerako ateak baliatu dituzte emanaldia abiatzeko. Eszenatokia hartu eta berehala esker oneko hitzak eskaini dizkio publikoari Eneritz Aulestiak. Eta, bereziki, pertsona bati: “Ez dakit nondik zabiltzan, Kepa, baina badakit hemen zaudela. Eskerrik asko, bihotzez”. Trikitia, panderoa, ahotsa eta mugimendua. Horrela abiatu da akelarrea.

75 minutuko emanaldi zirraragarria ondu dute sei musikariek. Doinu sarkorrak, pasioz beteriko dantzaldiak, tentuz landutako kantuak eta konplizitatea nonahi. Giro magikoa sortu da antzokian, eta konplize bilakatu da publikoa. Irribarretsu, nabari da zenbat gozatzen duten musika. Sintonian eta sinkronian mugitzen dira oholtzan.

Kontzertuaren erdialdera osatu duten sobremesa izan da momentu berezienetako bat. Abadiño Sanblasetan, Madalen Buzturingo eta Xorieri mintzo zen kantuen bertsio propioa eskaini dituzte taldekideek, baita sobremesa-ren irudia osatu ere. Eskuekin kolpatu dute mahaia eta a capela kantuan jantzi dute bazkalosteko itzulingurua.

Konplizitateak eztanda egin du kontzertuaren bukaeran. AIOIAI kantuan Sua taldeko Ane eta Janire izan dituzte oholtzakide, eta sorginkeriara batu dituzte beste bi emakume. Azken kantuak, XXI. Mendekua, antzokietan ezohikoa den irudia lortu du: eserlekuetatik altxa eta kantuan eta dantzan bukatu du publikoak. Akelarre berezia, zaharra berritzera datozenen eskutik.