argia.eus
INPRIMATU
Konparazio gorrotagarriak

Mikel Aramendi 2023ko apirilaren 03a
Pablo Gonzalezek hamahiru hilabete baino gehiago daramatza preso Polonian jada. Akusazioak liokeenez, eta omenka dakigunez, espioia izategatik; ez behintzat Polonian espioitza egiteagatik.

Konparazioak maiz dira gorrotagarriak baina, hala ere, gure adimena analogien zalea delako-edo, egin beharrekoak izaten ditugu. Non eta nola bizi garen ulertzeko, besterik ez bada.

Pablo González Yagüe / Pavel Rubtsov eta Evan Gerxkovitx kazetarien arteko konparazioak, gainera, estimulu gehituak eskainiko lituzke lehen begi-kolpean: lanbidea ez ezik bestelako hainbat tasun ere –adina, jatorria, mintzaira...– paretsukoak lituzkete. Eta gorabehera berberak kidetuko lituzke nabarmen: biak ala biak atxilo daude espioitzagatik; Pablo Polonian, Evan Errusian.

Baina kidetasun sendoa dirudien horretan bertan hasten da galtzen antzekotasuna. Hamahiru hilabete baino gehiago daramatza preso Polonian jada Pablok. Akusazioak liokeenez, eta omenka dakigunez, espioia izategatik; ez behintzat Polonian espioitza egiteagatik. Egia esatera, gizalegez kanpoko baldintzetan daraman behin-behineko atxiloaldi luzearen ondoren, oraingoz Pablok eta haren defentsak ez dakite zer leporatzen zaion... baldin eta bera izatea besterik egozten ez bazaio.

Pasa den astean Errusiako FSBak Jekaterinburgen atxilotu eta Moskuko epaileek behin-behinean espetxeratu duten Evan, "konplexu militar-industrialeko enpresa bati buruzko informazioa biltzen" aritzeagatik legoke atxilo, maiatzaren 29ra bitartean bederen. Mendebaldeko hedabideetan aditzera ematen denez, Wagner PMC antolakunde militar pribatuari buruzko informazio-bilketan arituko omen zen Gerxkovitx. Litekeena da. Baina San Petersburgon ez bezala, Wagner taldeak ez du Jekaterinburgen egitate ezagunik. Aldiz, errusiar defentsa-enpresa nagusienetako batzuk daude bertan aspalditik; eta Gary Powers-en U-2a ez zen kasualitatez hantxe erori 1960an.

Kasu bien arteko desparekotasuna, haatik, eskandalagarria bihurtzen da bakoitzari bere estatuak, inguruko lanbide-antolakundeek eta "iritzi publikoak" eman dieten babesa eta laguntza konparatzean. Pabloren alde, bere lagunek eta egotzi zaiona gezur hutsa dela deritzoten ezagunek atera dute hitza; eta atxiloaldia luzatu ahala, Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritza bezalako erakunde batzuk hasi dira haren giza-eskubideak errespeta daitezela eta gizalegezko epaiketa egin diezaiotela eskatzen. Bada zerbait. Espainiako aginte nagusiek, ordea, ez dute hatzik mugitu... Pabloren alde ez behintzat.

Evanen alde, bere egunkariak, eta inguruko guztiek ez ezik, Estatu Batuetako presidenteak berak ere atera du hitza jada, berehala aska dezaten eskatzeko. Beste hamaika joan-etorrirekin batera.

Benetan espioia izatearen edo ez izatearen artean ote dago koska?