argia.eus
INPRIMATU
Konfrontaziora pasatzeko garaia da
  • Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu

Edurne Lizaso Sonia Sosa 2025eko uztailaren 30

William Mackey aditu soziolinguista Quebectarrak, bere esperientzia luzean oinarrituta, behin eta berriz azpimarratu zuen hizkuntzen behar soziolinguistikoak eta alderdi politikoen beharrak ez datozela beti bat. Eta horixe da Euskal Herrian ikusten ari garena.

Epaile espainolen laguntzarekin, klase politiko zein sindikal espainola euskararen normalizazio prozesuaren aurkako dinamikan jo eta su dabilen bitartean, euskaraz bizitzera erabaki duen euskal komunitatearen aurkako oldarraldia orokortzen ari denean, EAEko gehiengo politiko abertzalea ez da egoerari aurre egiteko gai izaten ari. Kontseiluak Bilbon antolatutako manifestaldira joatearekin ez da nahikoa.

VOX, CCOO, epaileak eta Lopez Lera abokatua, besteak beste, askoz ere eraginkorragoak izan dira indar politiko abertzaleak baino, eta hori horrela da, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, euskararen aldeko borroka etengabe plano instituzionalean eta plano instituzionaletik bideratu nahi izan dutelako euskal indar politiko nagusiek. Eta, bestetik, euskararen aldeko normalizazio prozesuak, ezinbestean konfrontazioa dakarrelako eta konfrontazio horretatik alde egin nahi dutelako, botoak gal ditzaketela pentsatzen dutelako. Bi arrazoi horiengatik, euskara eta euskal komunitatea beti galtzaile ateratzen da.

Argi dagoena behintzat zera da, euskararen behar soziolinguistikoekin zer ikusirik ez duten arrazoien ondorioz, EAEn gehiengoa duten indar abertzaleen euskararen aldeko batasuna ez dagoela. Tamalez, hizkuntza nazionalaren berreskurapen prozesuan Euskal Herriak gero eta Irlandaren antza handiago du.

Horregatik pentsatzen dugu irtenbide bakarra euskararen normalizazioaren aldeko motorra berriz ere herri mugimendura eta dinamikara bueltatzea dela, Ipar Euskal Herrian egiten duten moduan, adibidez. Konfrontazioa eta desobedientzia izango dira VOX, CCOO, epaile edota Lopez Lerari iniziatiba kentzeko bide nagusiak. Modu horretan euskaldunon eskubide kolektiboak eta langileen eskubide pertsonalak modu orekatuan bermatzea lortuko dugu.

William Mackey berak azpimarratzen zuenez, hizkuntza minorizatu bat, euskara gure kasuan, ez da Legez ala Dekretuz normalizatuko. Legearen funtzioa beste bat da, normalizatu nahi den hizkuntza minorizatuaren aurkako erasoak ekiditea da betekizun nagusia, normalizazio prozesua nolabait babestea, hizkuntza minorizatua erabiltzen duen komunitatearen hizkuntza eskubideak bermatzea.

Eta hemen guztiz kontrakoa ikusten ari gara, Legeria euskal herritarren gehiengoaren nahia erasotzeko, zapuzteko, zutabea bilakatu da Euskal Herriaren aurkako indar politiko, sindikal eta juridikoarentzat.

Erabaki hauek langile euskaldunak eta euskaldunduak kaltetzen ditu, ez baitu hauen euskararen ezagutza maila ezinbestekotzat joko etorkizunean eta lanpostu horietan euskararik ez dakiten langile erdaldun elebakarrei sarrera emango die, espainolez lan egiteko aukera bermatuz.

Erabaki hauek, beraz, euskararen eta euskaldunon komunitatearen aurkako erabaki zuzenak dira.

EH Bilduko Mertxe Aizpuruak Madrilgo Diputatuen Kongresuan “euskararen, tokiko erakundeen, udal autonomiaren eta euskal herritarren borondatearen aurkako azken erasoa irmoki salatu” ditu, Auzitegi Gorenaren azken epaia aipatuz. Oso larria eta onartezina da Euskal Herrian ezereza den ultraeskuinaren ekimenez hartutako erabakia”.

Garbi dago Gernikako Estatutukoa ez duela balio Estatutik datozen eraso politikoa, sindikal eta juridikoak neutralizatzeko. Euskal herritarren eskubideak ez dituzte errespetatzen eta euskaraz lan eta bizitzeko aukera zapuzten dute. Guk Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugu, Euskal Herri euskalduna euskaraz eraikiz eta euskaratik abiatuz. Eta horixe da, hain zuzen, ezinezkoa bihur nahi dutena. Herri gisa erabat kolonizatu nahi gaituzte.

Euskara eta euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, gertatzen ari dena desastre bat da. Larrialdi egoeran sartu gaituzte. Ez da gauza bera gertatzen generoaren gaiarekin, adibidez. Hor ikusten da Mugimendu Feministak egin duen lana eta hartu duen pisua. Garbi dago zein den jorratu beharreko bidea.

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ez dira oraindik gai zentralak indar abertzaleen artean eta hori oso larria da. Eta euskaldunoi eta euskaltzaleoi dagokigu errealitate hori aldatzeko behar den presio soziala artikulatzea, kaletik eta herri dinamikaren bidez. Guk ez badugu egiten, nork egingo du?

Kontuan izan behar dugu Oldarraldia ez dela euskararen aurkako eraso bat, ez dela hizkuntza baten kontrako errekurtso bat, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearen hautua egin duen komunitearen aurkako errekurtsoa dela, Euskal Herri euskaldunaren aurkakoa.

Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da. Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du, euskara ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta non nahi. Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik.

Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako Lege egokituz, Euskara Legea aldatuz.

Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.

Eta, azkenik, dei egiten diogu euskal langileari euskararen aldeko borroka bere egin dezan eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur dadin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko LAB (Edurne Lizaso) eta ELA (Sonia Sosa) sindikatuak