argia.eus
INPRIMATU
Konfinamenduko gogoetak
  • Apirilak 11 ditu. Utretchen edo Leipzigen, jendea kalean ibil daiteke, umeak ere bai; hemen ez. Txakurra baduzu –zelako desfileak egunotan, era guztietako txakurrak; inoiz baino maiteago lau hankako txakurrak, inoiz baino abandonu gutxiago!–, edo erosketak egitera bakarrik, edo lanera eta kito.

Pako Sudupe 2020ko apirilaren 12a

Atzo irakurri nuen Berria-n, Utrechen bizi den tolosar batek zioena: “... kalera irten gaitezke. Kontzientzia zibilaren esku utzi dute nola jokatu erabakitzea. Hala ere, ez dabil inor kalean”. Gaur bertan Leipzigen bizi den lagun batek: “Jendea binaka edo taldetxotan dabil. Etxe berekoak badira normal dabiltza eta bestela tarte handixeagoa uzten dute, 1,5 metro. Baina, orokorrean, jendea ikusten da bizikletan, belazeetan etzanda...alde handia dago horkoarekin alderatuta. Helduenak zainduago daude, nik uste”.

Ba, bai, alde ikaragarria dago! Hemen, Espainiako erresumaren menpeko Euskal Autonomi Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan, umeak etxean eta helduak ere bai, salbuespenezko irteeratxoak salbuespen. Kutsatuen eta ospitaleratze eta hildakoen emaitza kaskarragoak ote dituzte Herbehereetan eta Alemanian? Ez. Alderantziz. Non dago desberdintasuna? Kontzientzia zibikoan?

"Kontzientzia zibikoa indartzeko askatasuna ezinbestekoa da, eta eskubideekin batera betebeharrak ere baditugula sentitzeko, eta praktikan jartzeko ere"

Kontzientzia zibikoa indartzeko askatasuna ezinbestekoa da, eta eskubideekin batera betebeharrak ere baditugula sentitzeko, eta praktikan jartzeko ere. Kalera atera eta ertzainek edo udaltzainek gelditzen banaute, edo horren beldur banaiz, eta horregatik konfinatuta bizi banaiz, nirea ez da hautu librea, behartua baizik, eta horrenbestez ez dut ez meriturik eta ez errurik, agintarien mendeko txotxongilo bihurtzetik gertu naiz edo bilakatua nago.

Bai, baina, entzuten ari naiz, elkartasunagatik, komunitate solidaritateagatik, etxean geratu behar da: gera zaitez etxean! Gero hedabideetan txalotu egingo dute gure jarrera.

Ez da txalotzekoa, ez baita librea. Txalotzekoa da Utrechen edo Leipzigen, libertatea izanagatik libertate hori arduraz erabiltzea, baina horretarako askatasuna ezinbestekoa.

Aginte handiak (Espainiako Gobernua eta botere faktikoak) konfinamendua manatu zuen, eta erresumako autonomia guztietan, etxean konfinatuta. Aginte txikiak, hots, Eusko Jaurlaritzak ekonomia ez gelditu nahi, osasun eta ekonomiaren arteko sokatira; disidentzia neurri gogorragoen alde, Txinakoen, azkar gainditzeko pandemia. Kontua da hilabete dugula jada etxean, lau pareten artean errenditurik ezinbestean. Eta ez jakin noiz bigunduko diren manu zorrotzak. Eta askatasunik gabe, kontzientzia eta ardura zibikoa ere oso maila beherean.

Oro har, agintariek ez-heldutzat gauzkate herritarrak. Hondakinen gaian atez atekoa inposizio onartezina zen –zoritxarrez, borroka politiko okerrenerako aitzakia eta bazka–, eta askatasunean erakutsiko genuen gure kontzientzia zibikoa. Baina gezurra zen, zeren erraustegiaren proiektua jada onartua eta aurrera ematen hasia zen eta egun jada hastear da, herritarren kontzientzia zibiko bikainera apelatzea amarrua eta tranpa baino ez zen. Politika txarra, eta denok pairatuko ditugu politika txar horren ondorio tamalgarriak.

"Aginte handiak (Espainiako Gobernua eta botere faktikoak) konfinamendua manatu zuen, eta erresumako autonomia guztietan, etxean konfinatuta"

Oraingo krisi sanitarioan alderantziz; askatasuna ia erabat moztera jo da. Bakarka ibiltzea paseoan edo korrika debekatua. Ume txikiekin banaka ateratzea debekatua. Mendira joatea debekatua. Autoan desplazatzea ere bai, nahiz inori kalterik ez egin. Hedabideetan bonbardaketa, etxean gelditzeko eta etxean gelditzeko.

Eroa nintzateke bakoitzak nahi duena egitea aldarrikatuko banu. Ez. Erabilera arduratsua eta solidarioa errebindikatzen dut. Baina askatasun gehiagorekin. Bestela betiereko umetzat hartzea da gu, herritarrok, agintariek hedabide eta polizien bitartez leziatu eta askatasuna ukaturik, azenario pozoitsuarekin kontentaraztea, azkenean txotxongilo bilakaraziz.

Isuna merezi duten jokaerak isunekin zigortu –baita hondakinak nolanahi ateratzen dituztenak ere–, baina herritarrengan uste gehiago izan behar du agintariak –aginte handiak aginte txikia nola irensten duen ere, ezin argiago ikusi dugu egunotan–, askatasun gehiago gero eta kontzientzia zibiko hobea izan dezagun. Ez gara umeak, ume gisa tratatuak izateko!

Nola aterako gara honetatik?, lehengora itzuliko ote gara asko baino lehen ala ezer ez da lehen bezalakoa izango? Ez dut esperantza handirik gauzak hobera edo asko aldatuko direnik. Ez litzateke txarra ipartarrago bilakatzea, eta, besteak beste, hemengo aginte txikiak aginte handira jotzeko apustu ausarta egitearekin batean, gizabanakoen eskubide-betebeharretan eta konfiantza zibikoan ere gora jotzea.