argia.eus
INPRIMATU
Konfinamenduak zazpi egunekoak izango dira Hego Euskal Herrian
  • Itxialdiak hamar egunetik zazpira murriztea adostu dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek. Positiboekin kontaktu estua izan eta txertatu gabe dauden pertsonei ere eragingo die neurriak.

Axier Lopez @axierL 2021eko abenduaren 30a
Argazkia: Dani Blanco

Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako Osasun Publikoko zuzendari nagusiek aho batez erabaki dute konfinamendu epea hamar egunetik zazpira murriztea, COVID-19 kasu arinak edo asintomatikoetarako. Neurria berehala sartuko da indarrean, datozen orduetan protokoloak egokituko dituzte eta.

Txertatuei zein txertatu gabekoei eragingo die arauak. Positibo batekin harremana izan eta txertoa hartu dutenek ez dute isolatu behar joan den astetik, baina txertatu gabeek hamar egunez etxetik atera gabe egon behar zuten, negatibo izanik ere. Orain hamar egun ordez zazpi egin beharko dituzte. Horrez gain beste aldaketa esanguratsu bat ere badakar neurri berriak: ez da beharrezkoa izango PCR emaitza negatibo bat edukitzea konfinamendua amaitzeko.

Zazpi eguneko epea sintomak agertu direnetik hasiko da kontatzen, edo, asintomatikoen kasuan, positiboa direla jakin duten egunetik aurrera.

Ingalaterraren eta AEBen ildotik

Aditu gehienen arabera, birusa transmititzeko arriskua oso txikia da bosgarren egunetik aurrera, eta horri heldu diote itxialdien epeak murrizteko Ingalaterran (ez, ordea, Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan, han hamar egunekoak indarrean jarraitzen du) eta AEBetan. Azken honen kasuan erdira jaitsi du konfinamenduaren egun kopurua: hamarretik bostera. Italiak ere asteazkenean erabakiko du konfinamendua murriztu ala ez. Mahai gainean duten aukeren artean dago errefortzu-dosia duten pertsonentzat itxialdia hiru edo bost egunera jaistekoa edo erabat kentzekoa. Beste ertzean, aldiz, Alemania dago, pandemia hasi zenean agindu zuten hamalau eguneko itxialdiak indarrean jarraitzen du.