argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendua ezartzeko aukerari bueltaka dabil Eusko Jaurlaritza
  • Konfinamendua ezartzeko eta etxeratze aginduaren ordua moldatzeko aukeraz galdegin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 05a
Donostiako kaleak hutsik, konfinamenduan (Argazkia: Dani Blanco)

Asteazken arratsaldez Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseiluak egindako bilkura probestuz, Eusko Jaurlaritzak eskatu dio Espainiako Gobernuari moldatu dezala alarma egoeraren dekretua. Izan ere, moldaketa horrek irekiko lizkioke ateak konfinamendua ezartzeko aukerari.

Ministerioak, bere aldetik, aukera aztertuko duela erantzun zuen, momentuan indarrean dagoen dekretuak ez baitu aukera hori jasotzen. Ministerioak esandakoa albo batera, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak adierazi zuen momentuz ez duela ikusten konfinamendu agindua ezartzeko beharrik EAEn.

Espainiatik jasotako erantzunak horiek badira ere, ostegun arratsaldean bilduko da Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Batzordeak du neurriak bere horretan mantentzeko edo egokitzeko aukera.

Etxeko konfinamenduaz gain, etxeratze aginduaren orduaren bueltan ere galdegin zion Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Alarma egoera ezartzeko dekretuak xedatzen duenez, etxeratze agindua ezarri daiteke 22:00ak eta 00:00ak bitartean, eta tarte horretan erkidego bakoitzak zehaztu dezake ordua. Jaurlaritzak galdegin zuen ea aukerarik badagoen etxeratze agindurako ordua moldatzeko. Egun indarrean den dekretuak aukera hori barnebiltzen ez duela eta aztertuko duela erantzun zion ministerioak.