argia.eus
INPRIMATU
Premiazkoak ez diren jarduerak 14an bueltatuko dira lanera, konfinamendua apirilaren 26ra arte bada ere
  • Espainiako presidente Pedro Sanchezek konfinamendua apirilaren 26ra arte luzatzeko eskatuko du Espainiako Parlamentuan. Gehitu du oso litekeena dela gehiago luzatzea, baina egoera hobetzen bada neurriak leunduko direla. Funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak, ordea, ez dute luzapenik izango eta apirilaren 14an hasi ahalko dute.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 06a
Pedro Sanchez Espainiako presidentea konfinamendua apirilaren 25ra arte luzatuko dela iragartzen. Argazkia: El Puerto Actualidad.

Funtsezkoa ez den industria jarduera guztia eteteko dekretua joan den igandean, martxoaren 29an hartu zuen Espainiako Gobernuak, eta bi asterako izango zela esan zuen. Dekretu horrek ez du luzapenik jasango, eta beraz, apirilaren 14an industria jarduera bere horretara itzuliko da.

Etxeko konfinamenduak jarraitu egingo du. Apirilaren 4an iragarri du presidenteak beste bi aste luzatuko zela, apirilaren 26ra arte momentuz. Hala ere, konfinamendua data horretatik harago joango dela argi duela azaldu du presidenteak, ordurako egoera hobea bada neurriak lasaitzen hasiko badira ere.

Lehengora ez itzultzeko denbora

Espainiako Estatuko hiru asteko konfinamendua emaitza onak ematen ari dela esan du Sanchezek, baina hori ez dela arrazoi nahiko neurriak leuntzeko momentuz. Neurriak mantendu behar direla eta normaltasunera itzulera pixkanaka izango dela gehitu du.

Horrez gain, kolaborazioa eskatu die alderdi politiko guztiei, baita Europako indarrei ere, koronabirusak utziko duen krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak eskatuz.

Enpresa handien buelta

Sanchezen iragarpenari jarraiki heldu da Euskal Herriko zenbait enpresa handirena ere. Sidenor eta Michelin izan dira lehenak apirilaren 14an ateak zabalduko dituztela iragartzen. Michelinek, bere ekoizpena funtsezko jardueretan dabiltzan enpresentzako ezinbestekoa dela argudiatuz, (izan ere, bere pneumatikoak anbulantziek, suhiltzaileen kamioiek, traktoreek... erabiltzen dituzte) ateak ireki behar dituela adierazi du. Horrela egingo du Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantokietan.

Sidenorrek ere 14an ekingo dio berriz bere jardunari, Basauri, Gasteiz eta Azkoitiako lantokiak berriz zabalduz. Autogintzarako materiala ekoizten du enpresak, eta sektorea Europa mailan berpizteko nahai adierazi du, izan ere ia kontinente osoko lantokiak geldirik daude.