argia.eus
INPRIMATU
Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan
  • Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.

Olaia L. Garaialde 2025eko abuztuaren 20a
Elena Zhekova Adace fundazioa

Mintzamenean alterazioak dituzten pertsonen egunerokoa errazteko asmoz sortzen ari dira IA-Speak tresna Nafarroan. Izan ere, pertsona batzuen kasuan, diskurtso bat sortzeko gai diren arren, lesio batzuen ondorioz esaten dutena ulergaitza da askorentzat. Horregatik, IA-Speak tresnak komunikazioa erraztea eta mintzamenaren errehabilitazio lantzea du helburu. Bi erabilera izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat. Guztira, Nafarroako zazpi enpresa eta erakundea ari dira horretan: Copysan, Veridas, BigD, Falcnon, Nair Center, Adacen eta Miguel Servet Fundazioa. Nafarroako Gobernuak 925.226 eurekin finantzatutako proiektu bat.

Garun kaltea daukaten pertsonekin lan egiten du Nafarroako Adacen fundazioak. Bertako logopedak dira Itziar Dolz Llandres eta Maria Urdaniz Huguet. Kontatu dute lan egiteko dituzten tresna faltatik sortu dela ideia. “Aldi bereko itzulpena egiten duen gailuak daude, baina ez dituzte behar guztiak betetzen eta oso ahots artifizialak eta robotikoak dira”, esan du Urdanizek. Gainera, mintzamena lantzeko dituzten baliabide “gehienak” haurrei bideratuta daudela diote. Helduekin lan egiten dutenez, euren beharretara loturiko materiala erabiltzea hobesten dute.

Salatu dute logopedia zentroetan eta elkarteetan ez daukatela tresnarik kuantifikatzeko erabiltzaile bakoitzak zein mailako sekulak dituen mintzamenean. “Adibidez, ikusi dezakegu pertsona batek azkar hitz egiten duela edo ez duela ongi ahoskatzen ‘r’ letra, baina zein puntutara arte urruntzen da hori mintzamen normatibo batetik”, esan du Dolzek. Horrez gain, erabiltzaileen bilakaera aztertzeko baliabideak ere dituzte faltan: “Biak gara logopedak eta seguruenik desberdin ebaluatuko genuke pertsona bera, bakoitzak bere pertzepzioa eta entzumena dituelako”. Zenbat eta gehiago ezagutu artatzen ari diren pertsona orduan eta “errazagoa” egiten zaie elkar ulertzea, baina ez dakite zein puntutara den “hobetu” dutelako edo gehiago elkar ezagutzen dutelako.

Bi erabilera nagusi izanen ditu tresnak. Mintzamenaren itzultzaileari dagokionez, lepotik zintzilik eraman daitekeen gailu bat izanen da. Gailua duen pertsonak hitz egin nahi duenean, botoi bati eman, hitz egin eta itzuliko du pertsona horren ahots parametroak eta ezaugarriak errespetatuz, baina “ahoskera akatsik” gabe. Adimen artifiziala elikatzeko, logopedia saioetan ahots grabaketak egiten ari dira. Hala nola, mintzamen espontaneoa, irakurria eta beste aztertzen ari dira. Modu horretan, Nair Center enpresak adimen artifizialaren bidez pertsona bakoitzaren ahots patroia sortu dezake. Plataformaren kasuan, erabiltzaile bakoitzak egiten dituen “akatsak” hauteman, eta horiek lantzeko ariketak proposatuko ditu. Mintzamenaren errehabilitaziorako eta mantenurako baliatu nahi dute.

Komunikazioa errazteko bide

Dolzesek azaldu duenez, oraindik “zaila” da irudikatzea zer izanen den esku artean duten proiektua, baina argi du egunerokoan onura “asko” ekarriko dituela: “Sozializatzeko lagungarria izango da. Egunerokoan askotan ez dietenez ulertzen, eta behin eta berriz errepikatu behar dituztenez gauzak frustratu egiten dira. Eragozpen sozial handia eragiten du”. Mintzamenean zailtasunak dituzten pertsonak ere existitzen direla ikusarazteko eta autonomia lantzeko fundaziotik kanpoko irteerak antolatzen dituzte. Urdanizek esan duenez, agerikoa da, askotan fundaziotik kanpoko jendeak ez dakiela nola jokatu mintzamenean zailtasunak dituzten pertsonekin: “Taldean igerilekura edo zeozer hartzera joaten garenean, askotan guri [logopedei] begira geratzen dira esaldia errepikatzeko. Infantilizatzeko eta autonomia kentzeko joera dago”. Muga eta oztopo horiek direla eta edozein tramite “zailtasun” bihurtzen dela, eta isolamendu soziala eragiten dutela diote. “Askok hitz egiteari uzten diote uste dutelako ez dietela ulertuko”, esan du Dolzesek.

Adacen fundazioko erabiltzailea den Elena Zhekovak bat egin du horrekin: “Askotan telefonoz gauza garrantzitsuez hitz egiten dudanean, behin eta berriz esaten didate ez nautela ulertzen. Orduan, amak telefonoa hartzen du eta errepikatzen die”. Nabarmendu du esfortzu fisiko eta mental “handia” dela hitz egitea eta “asko” nekatzen dela: “Ez nautenean ulertzen amorrua, frustrazioa eta tristura sentitzen ditut lehen ez zitzaidalako gertatzen”. 

Kosta egiten zaio irudikatzea nolako izanen den gailua, baina “oso kontent” dago: “Izugarri gustuko dut nire kideen mintzamena hobetuko duen gauza batean lan egiteak”. Momentuz, ahots bilketan dabiltza, eta ez dute euren ahotsa entzuteko aukera askorik izan. Soilik, esaldi labur bat entzun dute. Hala ere, oraindik ahots asko euren ahotsetatik urrun daude: “Munduko beste gauza bat iruditu zitzaidan Manoloren ahotsa entzutea. Nire laguna da eta etengabe ikusten dut zer-nolako esfortzua egiten duen hitz egiteko”. Manolo Palo Adacen elkarteko erabiltzailea da ere bai.