argia.eus
INPRIMATU
Komuneko toallatxoak estolden etsai
  • Mundu osoan ur zerbitzuak eskaintzen dituzten 80 elkarte bildu dira toallatxoek sortzen dituzten arazoez ohartarazteko. Zehazki ingurumen arazoak eta, estolderietan eragindako buxaduren ondorioz, kalte ekonomikoak sortzen dituzte komunetik behera botatako toallatxoek.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 04a
Komuneko toallatxoak estoldetan arazo bihurtzen dira (Arg.: Ecoticias.com)

Adierazpen horretara Bilbao Bizkaiko Ur Partzuergoa eta Iruñerriko Mankomunitatea ere gehitu dira.

“Estoldetako munstro” horien aurkako borrokan, komunetik bota beharreko bakarrak gernua, gorozkiak eta komuneko papera direla defendatzen dute. Ingelesez 3P formula esaten zaio: Pee, Poo and Toilet-Paper.

Egun, komunetik botatzeko egokitzat etiketaturik dauden produktu askotan “Komunetik ez bota” esaldia agertu beharko litzatekeela defendatzen du elkarte multzo honek,fabrikatzaileek eta ur zerbitzuen sektoreak estandar finko batzuk adostu bitartean behintzat. Enpresek kontsumitzaileak garbi informatzea da helburua, esku-oihalek sor ditzaketen kalteei aurre hartzeko.

Komunetik botatzen den edozerk baldintza batzuk bete behar ditu: azkar zatitu behar da eta ez flotatu. Horiez gain, ez dute eduki behar plastiko edo antzeko produkturik, eta era naturalean erraz degradatzeko modukoak izan behar dira.