Komikia “kalera ateratzea”, horixe du helburu Donostian egingo den Zapart! festibalak. Datorren urtean egingo dute, Donostia 2016k antolatuta, ekainaren 3tik 5era Maulen eta 10etik 12ra Donostian bertan.
Aste tartean berriz, bi hirien artean ibiliko da festibala, komikiarekin lotutako ekintzak Irun edo Baionara helaraziz.
“Nahiko nekatuta gaude ohiko komiki azokekin, beti aleak saldu eta sinatzera mugatzen dira”, azaldu zuen Dani Fano komikigileak ostegunean, Noticias de Gipuzkoan Juan G. Andresek jaso duenez.
Fanorekin batera beste hainbat euskal komikigile ezagun agertu ziren: Iñaki G. Holgado, Antton Olariaga, Patxi Huarte “Zaldi Eroa”, Ainara Azpiazu eta Joseba Larratxe.
Bi elkartek bultzatu dute ekimena Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak azaldu duenez: Xabiroijaleak eta Kakots. Komikiari plaza handian lekua egitearekin batera, sektoreko sortzaileen sarea sendotzea eta interakzioak bilatzeko bidea izateta da Zapart!-en xedea.
Komikia bertatik bertara
Xabiroijaleak elkarteko Adur Larreak eman du programazioaren berri eta besteak beste, zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte Donostian –hainbat diziplina uztartuko dituzten ikuskizunak eta hitzaldiak besteak beste–.
Komikien salerosketa eredutik harago joango den azoka ere egingo dute, trukean eta bookcrossingean oinarritua.
2016a pasatzen denean ere jarraipena izan dezake egitasmoak, aurkezpenean azaldu dutenez.