Komikiari buruzko alderdi teorikoak modu grafikoan erakusten ditu How to study comics & graphic novels gidak. Iaz plazaratu zuen Oxfordeko unibertsitateak, eta EHUko LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa-taldeak ekarri du euskarara.
Jatorrizko bertsioaren gidoia Enrique del Rey Caberok (Alcalako Unibertsitateko Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzaileak) eta Michael Goodrumek (Canterbury Christ Church Unibertsitateko Historia Modernoko irakasleak) idatzi dute, eta Josean Morlesín Melladok egin ditu marrazkiak. Hain justu, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa taldeko kidea da Morlesín. Juan Kruz Igerabidek euskaratu du.
Gidaren bertsio digitala (PDF): Komikiak aztertzeko gida bat.
Komikigintzaz bigarrena
Gida hau hainbat ataletan dago banaturik: Komikiak eta nobela grafikoak, Komikien hizkuntza, Hitzak eta irudiak, Produkzioa, Komiki tradizio nagusiak, Banaketa metodoak, eta Komikiak ikertzeko zenbait alor. Deigarria da lehenbiziko atalak "Komikiak eta nobela grafikoak" goiburua izatea, liburuaren ingelesezko bertsioaren "graphic novels" terminoa kendu zaionean euskarazkoari... Hasiera interesgarria du.
LAIDAko kideen hitzetan, "esparru akademikoko publikoari" zuzenduta dago, "komikien ikerketan hasteko interesa duten ikasleei zein irakasleei, baina interesgarria izan daiteke, oro har, esparru horri buruz gehiago jakin nahi dutenentzat". Euskarazko edizioak Alvaro Rabelli komiki gidoilariak eta José Carlos Torre komikigileak idatzitako hitzaurrea du; bukaeran, bestalde, Nick Sousanis San Francisco State Universityko irakasleari egindako elkarrizketa dago.
Komikigintzaz plazaratutako LAIDAren bigarren liburua da honakoa. Egungo euskal komikiaren historia izan zen lehenbizikoa, 2017an argitaratua.