argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria arrazistak goia jo du Parisen, gazte romi bat koman utzi arte jipoitu ostean
ARGIA @argia 2014ko ekainaren 17a
Quartier des Poèteseko lapurretak izan dira gazte romiari eraso egiteko aitzakia (argazkia: AFP).

Erasoa jasan duen 16 urteko gaztea joan den ostiralean aurkitu zuten konorterik gabe, supermerkatuko orga baten barruan. Poliziaren lehen ikerketen arabera, gaztea jipoitu zuten pertsonek etxe batean lapurretan aritu zela susmatzen zuten eta bere bila joan ziren bizileku duen txabola-auzora, baita bertan topatu eta indarrez eraman ere.

Ikerketaren arabera, soto batean eduki dute gaztea eta kolpe gogorrak eman dizkiote, koman utzi arte.

Romien kontrako indarkeria ugaritzen

Azkenaldian Seine-Saint-Deniseko Quartier des Poètesen lapurretak ugaritu egin direla dio Michel Fourcadek, hango hautetsi sozialista. Herritar batzuek ebasketak inguruan bizi diren romiei egotzi dizkiete eta horren ondorioa da joan den asteburuko erasoa.

Romien eskubideen aldeko mugimenduek salatu dutenez, ordea, koman utzi duten gaztearen kasua ez da salbuespena. “Geroz eta permisibitate handiagoarekin”, gertatzen dira romien kontrako ekintzak Benjamin Abtanek, EGAM mugimentu anti-arrazistako presidenteak France-Presse agentziari adierazi dionez. Abtanek gaineratu du, agintarien aldetik diskurtso aldaketa “erradikala” espero duela eta honelako indarkeria ekintzak salatzea dagokiela.

Kasu isolatuak baino ohiko praktika bihurtzen ari diren erakusgarri, 2014ko otsailean Mediapart webguneak argitaratutako erreportajea: Parisko République plazako auzotarrak diren romiak azidoz eraso zituztela publiko egin zen, baita ekintzen arduraduna maiatzaren amaieran aske geratu zela ere.