argia.eus
INPRIMATU
Le cri des gardes
Kolonialismoa espazio batean
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 20a

Gustatzen zaizkit dena leku berean eta denbora jarraituan eta epe motzean gertatzen diren filmak. Hauxe da kasua: Le cri des gardes, Claire Denis zinegilearena. Mendebaldeko Afrikan kokatu dute, herrialderik adierazi gabe. Adierazkorra da hori, filma hasi eta buka kolonialismoa presente baitago. Gutxi, fondotik oro har, baina presente dago, detaile ederrekin-eta. Espazio gehiago merezi zukeen, baina.

Obra enpresa batean gertatzen da istorio guztia, gau bakar batez. Lau dira pertsonaia printzipalak. Sinpleki esanda, hauek: bi gizon zuri (enpresako enkargatua eta bere sozioa), emakume zuri bat (enkargatuaren bikotekidea, estreinakoz bisitan joan zaiona), eta gizon beltz bat. Azken horren anaiak obran egiten zuen lan, itxuraz lanean hil zen, eta gorpuaren bila dator. Hesiaren kanpoaldean dago bere helburua bete nahian, esperoan, patxadatsu-patxadatsu. Izan ere, segurtasun langileek zaindutako hesi handi batek inguratzen ditu enpresa eta herritarrak iritsi daitezkeen lekua. Anaiaren gorpuarekin dago misterioa, eta joango gara pixkanaka-pixkanaka argitzen. Gorpurik jaso ezean, ez du trukean dirurik jaso nahi –horrek argi erakusten du lanean zendutako langileen senideekin nola jokatu izan duten enpresako bi gizon zuriek–.

Horixe da planteamendua. Nahiko hasiera partetik aurkeztuko zaigu horrela, baina luze eta astun samarra egin zaio bati baino gehiagori hasierako tartea. Niri gehiago harrapatu nau gutxi gorabehera erditik aurrerakoak. Gaua luzea da, eta eguna argitu arte deman ariko dira denak. Hesiaren kanpoaldean dagoen gizon beltzarekin hasteko, nahiz tipoa suabe-suabe eta modu atseginean ari zaion anaiaren gorpua eskatzen; eta bien bitartean, baina batez ere gero, hesi barnean dagoen giroa eta harremana ezagutzen joango gara. Hor dago mamia.

Gustatu zait formatua, eta gustatu zait pertsonaien garapena. Egia da aurrez identifikagarriak direla hainbat auzi nola garatuko diren, baina emakumeak –obrako enkargatuaren bikotekideak, zeinak urrundik ere ez zuen ezagutzen enpresa barneko giroa– ematen duen garapena iruditu zait interesgarriena. Oro har, tentsioa dago film osoan zehar, eta dena gau bakarrean gertatzea, denboran aurrera edo atzera egin gabe... ondo eginez gero, erakargarri bihur daitekeen zerbait da. Eta kasu honetan bai, harrapatu nau. Iruditzen zait apustu esanguratsua egin duela Claire Denis zinegile frantziarrak.