argia.eus
INPRIMATU
Kolonbian protestak egin dituzte ekintzaile sozialen hilketa masiboen aurka
  • Garapen eta Bakerako Ikerketa Institutuaren arabera, 2016ko urtarrilaren 1aren eta 2019ko uztailaren 20aren artean 738 ekintzaile sozial hil dituzte Kolonbian.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko uztailaren 29a
Bogotako manifestazioaren irudia.

Defendamos la Paz mugimenduak “ekintzaile askoren hilketak” salatzeko protestak antolatu ditu ostiralean Kolonbiako 51 hiritan. 2016ko urtarrilaren 1ean bake akordioa sinatu zenetik ekintzaile sozialak hiltzen jarraitzen dutela salatu dute manifestariek.

Iván Cepeda Polo Demokratikoko senatariak eta Kolonbiako Senatuko Bake Batzordeko kideak adierazi du erailketen %10a bakarrik zigortu dutela epaitegiek: “Kondena horiek ez dute zerikusirik hilketen egile intelektualekin, hilketetan parte hartu dutela frogatu direnak bakarrik kondenatu baitituzte. Inpunitatea, beraz, %90ekoa da”.

Kolonbiako Arartekoaren ikerketaren arabera, 480 ekintzaile hil dituzte, eta kritika gogorrak jaso ditu kalkuluak egiteko erabilitako metodoa dela eta. “Manipulazio” hau Arartekoak Kolonbiako Gobernuarekin duen erlazioa dela eta egin dutela esan dute. Kolonbiako Cartagena hirian Iván Duque presidenteak mobilizazioan parte hartu behar zuen, baina handik joan egin behar izan zuen bere aurkako txistualdi eta oihuak tarteko.

María del Pilar Hurtado

Protesta eta mobilizazio masiboak eragin dituen gertaera Maria del Pilar Hurtadoren hilketa izan zen. Ekainaren 21ean hil zuten del Pilar bi paramilitarrek, bere seme eta bizilagunen aurrean. Del Pilarren semea negarrez eta oihuka ageri den bideoa Kolonbian asko zabaldu da eta samina eragin du.

Protestak Euskal Herrian

Munduko hiri askotan ere protestak egin dituzte; Euskal Herrian, Bilbon eta Gasteizen egin dute protesta hilketen aurka.