Kolonbiako gatazka armatuaren biktimek gobernuaren eta FARC gerrillaren arteko negoziaketetan parte hartuko dute. Orain arte, azaroan Kuban hasitako bake elkarrizketak gerrilla eta gobernuaren artekoak bakarrik ziren. Biktimen parte hartzea erabakigarria izan daiteke.
Momentu hauetan, gobernua eta FARC, talde gerrillariak politikan parte hartu dezan eztabaidatzen ari dira Habanan, maiatzean nekazaritzaren eta lur banaketaren inguruko adostasuna lortu ostean. Politikan parte hartzeko aukerak adostu ondoren, narkotrafikoa, biktimen minaren aitormena eta gatazkaren amaieraren oinarriak jartzeko asmoa azaldu dute bi aldeek.
Negoziazioetan puntu garrantzitsuenetako bat biktimena izango dela argi utzi zuen asteartean Fernando Carrilo Kolonbiako Barne Ministroak. Alor horretan zeresana izango dute gatazka armatuaren biolentzia pairatu duten guztiek.
Negoziaketak konfrontazioaren erdian ari dira egiten, gobernuak su etenik ez zuela sinatuko erabaki ostean. Larunbatean FARCek egindako hainbat erasotan 19 militar hil ziren.
Duela gutxi argitaratu den txosten baten arabera, Kolonbiako gatazkak 200.000 hildako eta milioika errefuxiatu utzi ditu.