Azaroaren 27an eta 28an nazioarteko adituak Donostiako Miramar Jauregian bilduko dira, Kolonbiako bake prozesuaren erronkak ezagutzeko eta nazioartearen babesa adierazteko. Ostegunean prozesu horretan parte hartze zuzena izandako adituekin mahai-ingurua egin dute.
Martha Cecilia Maya Kolonbiako Gobernuko aholkularia, Piedad Cordoba senatari ohia eta Oscar Guardiola analista kolonbiarra izan dira gonbidatuak, Mundubat gobernuz kanpoko erakundearen eta Lokarriren eskutik.
Garak paperezko edizioan jaso ditu mahai-inguruan entzundako ikuspuntuak.
Mayaren iritziz, FARC-ek eta Gobernuak justiziaren eta biktimen alorrean onartutako dekalogoa “lorpen historikoa” izan da. Halere, adierazi du 2012an lortu zuten akordioa “bide-orri” bat baino ez dela. “Benetako bake prozesua gatazkaren amaiera formalaren ostean hasiko da”.
Bi aldeen arteko “etsaitasuna” eten behar dela uste du Piedad Cordobak, eta Mayak ez bezala, Santos presidentea kritikatu du, elkarrizketen garrantzia herritarrei behar beste ez azpimarratzeagatik. “Zuzenbide Estatua guk eraiki behar dugu, gure bake erakundeekin. Kartzelara soilik gerrillariak bidaltzea akats handia da”, esan du Cordobak.
Guardiolak Kolonbiako jendartean jarri du begia. “Konfiantza falta itzela dago. Lidergoa sortu behar dugu, kolonbiarrek sinetsi dezaten gerta dakiekeen gauzarik erabakigarriena dela oraingoa”.
FARC eta ELNren mezuak
Mahai-ingurua amaituta, FARC-EP-ren bake-delegaziotik heldutako mezua ezagutarazi dute. Lokarri eta Mundubati eskerrak eman ostean, armak uzteko bideak aztertzen ari direla esan du FARC-ek, “trukean gizartearen eta Estatuaren desmilitarizazioa ematen bada, betiere”.
2012tik FARC-ek Kolonbiako Gobernuari hiru akordio partzial eta 28 salbuespen proposatu dizkiola adierazi dute mezuan. “Benetan bakea nahi duen estatu bati ez litzaioke hain gogorra egin behar eskaera horiek egia bihurtzea”.
ELNk ere etsaitasunaren amaiera eskatu du, eta “borrokalari sozialen eskubideak ziurtatzea, erailak, pertsegituak edo epaituak izan beharrik gabe”.
Ostiralean mintegi itxi bat egingo dute. Bertan, euskal eragile politiko eta sozialak prozesuari egin diezaioketen ekarpenaz arituko dira.