Ipar Euskal Herriko irakaskuntza katolikoko gurasoen eta irakasleen elkarteek, Seaskak, Integrazio Batzordeak eta Chrysalide elkarteak eskaini dute prentsaurrekoa urriaren 24an. Gaur egun, departamendu mailako kasik 2.800 ikaslek dute laguntza behar, baina 154 haurrek ez dute laguntzailerik ondoan, eta beste anitzek ez ditu behar adinako orduak jasotzen.
Seaskako hezkuntza zuzendari den Egoitz Urrutikoetxeak argi du: "Korapilo nagusia da norabide batean doan diskurtsoa dugula, eskola inklusiboarena, baina praktikan, kontrakoan gabiltzala". Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan dabiltzan haur desgaituentzako laguntzaileen "eskasia larriaz" ari da. Horren berri eman dute urriaren 24an Baionan egindako prentsaurrekoan.
Gaur egun, kasik 2.800 ikaslek dute laguntza behar Pirinio Atlantikoetako departamenduan, baina 154 haurrek ez dute laguntzailerik ondoan, eta beste anitzek ez dute behar luketen laguntza heina jasotzen. Jerome Gaillardek, Hendaiako San Bixente eskolaren zuzendariak ondokoa adierazi du: "Ezin ditugu haurrak bide ertzean utzi. Gainera, berez diru hori ez da xahubide bat, etorkizunerako inbertsioa baizik". Egoera prekario horrek irakasleen zein gurasoen artean "nekea" eta "tentsioak" eragiten dituela ohartarazi dute agerraldian.
Bertan egon dira Peio Dufau diputatua eta Daniel Oltzomendi Euskal Elkargoko lehendakariordea ere. Azken egun hauetan Frantziako Parlamentuan eztabaidatzen ari diren 2026ko aurrekontuei lotu du arazoa diputatuak, nabarmenduz diru eta postu mozketen politikaren emaitza dela: "Estatuaren konduak berriz orekatu behar dira, haur horientzako beharrei erantzuteko ahalak berriro ere mahai gaineratzeko".
Laguntzarik gabe gelditu diren familiek Frantziako Hezkuntza Ministerioa auzitara eramanen dute. "Auzitegi Administratibora joko dugu, eta Integrazio Batzordeak gurasoak bururaino akonpainatuko ditu: ez dugu etsiko", adierazi du prentsaurrekoan Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak. Seaskaren kasuan, 159 ikasleri aitortua die desgaitasuna MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak, eta hortik, AESH laguntzaile bat jartzen zaio haurrari (beharren arabera, mutualizatua ala indibidualizatua). Jakinarazpenen araberako baliabideak eman beharko lituzke Frantziako Hezkuntza Ministerioak, baina 2023-2024ko ikasturtetik Seaskan ez dute baliabide berririk eskuratu. Hori horrela, aurten ikastoletako 25 haurrek ez dute dagokien laguntzarik. Egoera horren aitzinean hautsi-mautsiak egitera behartuak dira, baita laguntzaile batzuen postuen ordainketak beregain hartuta ere.