argia.eus
INPRIMATU
Koldo Garcíaren ibilbidea PSOEtik harago: jipoiak, PPren indultua eta Guardia Zibilaren babesa
  • 2011n PSNren zerrendetan agertu aurretik, ustelkeria kasu batengatik auzipetutako Koldo García barakaldarrak eduki zuen ibilbidea argitara atera du Directa hedabideak: besteak beste, zabortegi bateko segurtasun zaindaria zela pertsona bati emandako jipoia edota "Independentzia" zioen kamiseta bat soinean eramateagatik Iruñeko taberna batean adingabe batekin edukitako liskarra. Bi kasuetan, Guardia Zibilaren babesari eta PPren indulturari esker aske geratu zen. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 09a
Abalos ministro ohia lehen planoan eta García bigarrenean.

2024ko otsailean atxilotu zuten Koldo García euskal herritarra, Espainiako Garraio Ministerioko aholkularia zenean maskaren erosketetan legez kanpoko komisioak kobratzea egotzita. Geroztik, asko ikertu da Garcíak 2011n PSNren zerrendetan agertu zenetik izan duen ibilbidea; baina ez horren aurretik egin zuen bidea. Bada, Directa hedabideko Jesus Rodríguez kazetariaren ikerketa batek argitara atera ditu 1990ko hamarkadatik 2011ra arte jazotako hainbat gertakari eta liskar.

Garcíak 20 urte zituen 1990ean Arangurengo (Nafarroa) zabortegiaren obretan segurtasun zaindari gisa lanean hasi zenean. Hasi eta urtebetera, Garciarekin eta haren nagusi Amador Gonzálezekin egin zuen topo zabortegiaren inguruko bizilagun batek, Gonzálezek bere kamioia geldituta baitzuen errepide erdian. Bizilagunak Directari adierazi dionez, kamioia bazterrera eraman ordez Gonzálezek herio-mehatxua egin zion, eta bost lagunen artean jipoitu zuten. Azken borrakada Garcíak jo ziola salatu du bizilagunak, buruan: "Babesterakoan, behatz bat eta saihets bat hautsi zizkidan, eta gorputz osoan kolpeak eman. Hilda nengoela uste zuelako utzi zion kolpeak emateari". Azaldu duenez, ospitalean hamar egun egin ondoren etxera bidali zutenean, behin eta berriz jaso zituen herio-mehatxuak telefono bidez: "Beldurragatik, ateak eta leihoak fortifikatu nituen". 1992an zabortegiko lanpostua utzi ostean, prostituzio etxe batean eta diskoteka batean atezain gisa lan egin zuen.

1995ean, ordea, jipoiarengatik bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten Garcíari eta Gonzálezi, baina orduan iritsi zen euren "lagunen" esku hartzea: Margarita Mariscal de Gante orduko Espainiako Justizia ministroak –Jose María Aznar buru zuen PPren Espainiako Gobernuan– indultua eman zien biei, eta kartzelara joatetik aske geratu ziren.

Kamisetan "Independentzia" eramateagatik, jipoitua

2010eko uztailaren 11n, Espainiako gizonezkoen selekzioak Munduko Futbol Txapelketa irabazi zuen Johannesburgon (Hego afrika). Egun hartan Iruñeko Nafarroako Foruen plazan Reincidentes musika taldearen kontzertua zegoen, eta hura ikusten ari zen 16 urteko gazte bat inguruan dagoen Stadium tabernan sartu zen bikotekidearekin. Taberna horretan Espainiako selekzioaren kamiseta zeramatzaten hainbat lagun zeuden, baita kalez jantzitako polizia bat ere. Adin txikikoaren testigantzaren arabera, poliziak hainbat aldiz kolpatu zuen, Independentzia lelodun kamiseta bat soinean eramateagatik.

Orduan agertu zen García: adin txikikoa ondoko Sol tabernara eraman zuen, eta lepotik helduta zuela harek ere hainbat kolpe eman zizkion. Lekura bertaratu ziren guardia zibilek, ordea, atxilo eraman zuten gaztea, eta kasua berehala artxibatu zuen auzitegi batek.

Guardia Zibilarekin harremanak

Indar polizialekin zuen harreman estua 2018an ere erakutsi zuen Garcíak, Guardia Zibilaren kondekorazioa jaso baitzuen, "aberriaren eta indar polizialaren interesekoak diren ekintzak eta jokabideak" saritzen dituena. Horrez gain, duela bi aste Naiz hedabideak Garcíarekin lotura izan dezakeen "ate birakari" kasu bat argitara atera zuen, legez kanpoko komisioen ordainketan inplikatuta dagoen Acciona enpresari dagokiona: Manuel Sánchez Corbí Guardia Zibileko UCO Unitate Zentral Operatiboko buruzagi ohia, Kepa Urra preso politikoa torturatzeagatik zigortua 1997an, Accionaren segurtasun arloan lan egiten hasi zen 2021ean, 35 urtez Guardia Zibilean aritu ostean. Naizek azpimarratzen du eztabaidagarria dela nola eta zergatik egin zuen Sánchez Corbík batetik bestera, kontuan izanda Guardia Zibila Acciona bera ikertzen ari zela.