argia.eus
INPRIMATU
Koherentea al da ezkerrak Facebook erabiltzea?
  • Ezkerreko militanteek Facebook sareaz egiten duten erabilera kezkagarria da. Hala uste dute Nadir kolektibo tekno-aktibista alemaniarreko kideek. Zuckerbergen asmakizuna datuak prozesatzeko makina izateaz gain, militanteek euren burua eta mugimendu osoarena konprometitzeko egina dela uste dute, euren webgunean azaldu dutenez. Beste kolektibo alternatibo eta antikapitalista batzuk, Nodo50 eta Riseup esaterako, bere egin dute Nadirren adierazpena.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 09a
Sare sozialen erabilera eztabaida politikora ekarri nahi dute hainbat kolektibok (Argazkia: The electronic farmyard)

Kalean eta taldean era guztietako borroka eta eztabaidetan parte hartu ondoren, ezkertiar askok Facebook erabiltzeko joera salatu dute. Esplotazioaren bidea hautatzen dute, tentazioari ezin eutsirik.

Zein da Facebooken gaitza?

Nadir kolektiboak azaldu duenez, erabiltzaileak edozein informazio partekatzean guzti hau Facebooken esku uzten du. Sare honek datu horiek erlazionatzeko duen gaitasuna izugarria dela diote, interneten zokoak ezagutzen ez dituen batek nekez ulertzeko modukoa. Halaber, ekintzaileak ez du bere burua soilik konprometitzen. Azpimarratu dute kideak eta kolektiboak nahi gabe salatzen dituztela.

Facebookek erabiltzaileen datuen eta profilen salerosketa egiten du eta, ondorioz, pertsonak produktu bilakatzen ditu kolektiboaren ustez.

Interneten inguruan ezjakintasun handia dagoela onartzen dute, eta hori dela egoera hau eragiten duena. Horregatik, Facebook “etsai politikoaren” aurka altxatzeko deia egiten dute, ezkerrak “Troyako zaldi” hori alde batera utzi behar duela uste baitute.

Facebook eta bestelako sare sozialek erabiltzaileen datuen erabilera eztabaida politikora ekartzea ezinbestekoa dela uste dute artikuluarekin bat egiten duten kolektiboek.

Irakurri artikulu osoa Nadir kolektiboaren webgunean (gaztelaniaz)