Estatu Islamiarraren erasoen kontra eusten ari den Kobane, Siria eta Turkiarekin mugan dagoen hiri kurdua, arriskuan dago. Hiru asteko setioaren ondoren, islamiarrek hautsi egin dituzte YPGko milizianoen defentsak. Kobane babesten ari diren soldaduak zibilak hiritik ateratzen ari dira.
Herri kurdua bonbardatu eta YPGren defentsak hautsiz setiatu dute hiru astez ISISeko kideek Kobane, Descrier aldizkari britainiarraren webgunean irakur daitekeenez.
Azkenik, lortu dute sartzea eta bi bandera beltz jarri dituzte hiriaren kanpoaldean irabazitako posizioaren erakusgarri. Dena den, YPGko soldaduak prest agertu dira kalez kale borrokatzeko.
Kobaneko Gobernuak nazioarteari laguntza eskatu dio Estatu Islamiarrari aurre egiteko, sarraski handi bat gerta litekeela ohartaraziz. Estatu Islamiarrak Kobane bereganatzen badu, “erruaren zati bat” nazioartearena izango dela adierazi dute.
Protestak Europa osoan
Egoeraren inguruan kontzientziatzeko hainbat protesta egin dituzte kurduek Europan, besteak beste, Londresen (Erresuma Batua), Vienan (Austria), Basilean (Suitza), Stockholmen (Suedia) eta Kopenhagen (Danimarka).
Protesta horietan hartutako zenbait argazki bildu dituzte Descrieren.
Londresen egindako protestaren argazki hau sareratu du @Xunavmerdin erabiltzaileak Twitterren.
Vienako parlamentuaren aurrean protesta jendetsua egin zuten astelehen gauean (argazkia: @JeanSamsa).
Basilean (Suitza) kalea moztu zuten protesta gisa (argazkia: @dilsarbagok).
Hagan (Herbehereak) jendetza bildu zen eraikin ofizial baten parean (argazkia: @Daphid).