argia.eus
INPRIMATU
Klima larrialdiaren aurrean Pirinioak lurralde "erresiliente" bihurtzeko plana diseinatu dute
  • Pirinoetako Lan Elkarteak egindako ikerlan baten arabera, mendikateko glaziarren erdia galdu da 1983tik, tenperaturaren batez bestekoa 1,6 gradu beroagoa da eta duela hamarkada batzuk baino %8 euri gutxiago egiten du orain. Datu kezkagarri horien aurrean, Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia diseinatu dute, lurralde "erresiliente" bihurtzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko maiatzaren 19a
Pirinioak klima larrialdia nozitzen ari dira; sistemetan oinarrituriko plan bat martxan jarri nahi dute horri aurre egiteko (argazkia: EPiCC)

Zenbait lurraldetan klima larrialdia gehiago nabaritzen ari direla gauza jakina da. Pirinioak, Europa hegoaldeko mendikate zabal eta naturaz aberatsenetakoa, ez daude inertzia horretatik salbu, eta horren erakusgarri da ostegun honetan Bilbon Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) aurkeztu duen txostena. Elkarte horretan daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Akitania Berria eskualdea, eta ikerturiko eremuak Euskal Herriaren zati handi bat hartzen du, Erronkaritik ia Enkarterrietaraino.

Euskal Herriko zati handiena hartzen du egindako ikerketak. Irudian, sare hidrologikoari eta elur kopuruari buruzko mapa.

Pirinioetako Klima Aldaketaren Behategiak egina, Adapyr izeneko proiektuaren barruan, bi urtez ikertu dituzte mendikateko hainbat eta hainbat ezaugarri, karbono emisioen eta habitat zein biodibertsitate galeraren ondorioz gizakiok eragin ditugun aldaketak neurtu asmoz. 

1983tik Pirinioetako glaziarren erdia galdu egin da dagoeneko, eta 20 baino ez dira geratzen "oso egoera zaurgarrian". Esaterako, Anetoko glaziarrak azaleraren erdia galdu du 30 urtetan. Gainera, tenperaturaren batez bestekoa 1,6 gradu igo da 1959-2020 arteko epean, euri kopurua %8 gutxitu da, eta "uda" hilabete batez luzatu.

Horrela jarraituz gero, 2050 urtean elurraren sakontasuna erdira jaitsiko litzateke 1.800 metrotik gorako garaieran

Proiekzio batzuk ere egin dituzte. Horrela jarraituz gero, 2050 urtean elurraren sakontasuna erdira jaitsiko litzateke 1.800 metrotik gorako garaieran; zohikaztegiek –oso habitat bereziak milaka urtetan sortuak izan direlako– CO2a harrapatu beharrean isuri egingo lukete; ur-emariak gutxitu egingo lirateke; eta biodibertsitate galera handia espero da.

Gaur egun Pirinioen %59 basoek osatzen dutela dio txostenak –basoak baino mono-landaketak direnak kontuan hartzen badira, beti ere–. Hain justu, beste ikerketa baten arabera, arbola espezie batzuk zabaltzen ari dira goi mendietan, pinuak kasu, tenperatura igoeraren eta larreen esplotazioa gutxitzearen ondorioz garaiera altuagoan hazten ari direlako. Baina ikerlariek ohartarazi dute baso horiek CO2a harrapatzeko duten gaitasuna ahultzen ari dela.

Basoek klima larrialdiaren aurrean duten arrisku maila ere kontuan hartu dute. Gorriz, adiago ibili beharrekoak.

Lurralde "erresilientea"

Nolanahi ere, datu kezkagarri horien aurrean, bestelako lurralde eredu bat sortzeko plana diseinatu dute, EPiCC izenekoa: Ekintza klimatikoan lankidetzan aritzeko estrategia bat deitu diote. Plan hori Europan "bakarra" dela azaldu dute eta hainbat irizpide jasotzen ditu, Pirinioak 2050 urterako lurralde "erresiliente" bihurtu daitezen.

Ikuspegi "sistemikoaren" bidez lortu daiteke ahaleginak modu inklusibo batean biltzea gako izan daitezkeen eremuetan, planaren egileen arabera

Zehazki, bost "sistema" definitu dituzte: klima; mendiari egokitutako ekonomia; natur ekosistemak erresilienteak; lurraldea eta bertako biztanleak; eta lankidetza bidezko gobernantza. Ikuspegi "sistemiko" horren bidez lortu daiteke ahaleginak biltzea modu inklusibo batean gako izan daitezkeen eremuetan, planaren egileen arabera.

Erronka batzuk ere jarri dituzte bide horretan, eta horiei nola aurre egin daitekeen azaldu: biodibertsiate galeraren aurrean, egungo inpaktuen ezagutza hobetu eta espezie zaurgarrienak babestu; eskaintza turistiko jasangarriagoa bultzatu, estazionalizazioa saihesteko eta tokiko ekoizpena kontuan hartzeko; eremu urbanoetan efizientzia energetikoa hobetu; lurraldeetako eragileekin elkarrizketak sustatu...

Batez besteko euri kopuruari buruzko hilez hileko proiekzio bat 2011-2040ko epean. Gorriz euri gutxiago, urdinez gehiago.

Hori guztia aurrera eramateko hainbat aholkularitza eta jarraipen batzorde sortu dituzte jadanik, eta Europar Batasuneko Life finantza tresnaren diru-laguntza eskatu dute.

Ez da lehen aldia Pirinioak bestelako eredu ekonomiko jasangarriago baterako erreferentzia direna. Nafarroan, Pirinioetako Planaren barruan sorturiko Pirinioetako Mahaiaren Ekintzailetza Lantaldeak hainbat ekimen bultzatu ditu Nafar Pirinioak ekintzailetza eraldatzailearen "ekosistema" izan daitezen.