argia.eus
INPRIMATU
Klima larrialdi egoera deklaratu du Eusko Legebiltzarrak
  • EAEko legebiltzarrak konpromisoa hartu du klima larrialdiari aurre egiteko ekimenak eta aurrekontuak sustatzeko, "premiaz jardute aldera". Erabakia aho batez hartu dute talde parlamentario guztiek ostegunean egindako saioan.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 26a
(Argazkia Bilbo Hiria)

Berotegi-efektua eragiten duten gasen bilakaerari buruz EH Bilduk aurkezturiko mozioaren lehen puntuan –erdibideko zuzenketa adostu dute talde guztiek– Eusko Legebiltzarrak "larrialdi klimatiko egoera" deklaratu du ostegun goizean Gasteizen egindako osoko bilkuran.

Hala, Eusko Jaurlaritzak uztailean egin bezala eta hainbat udalek ere emandako urratsei segituz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkari autonomikoak biltzen dituen erakundeak larrialdi klimatikoaren aurrean pauso bat eman du.

Onartutako testuan, talde parlamentarioek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote 2020ko aurrekontuetan "ikuspegi klimatikoa" txertatu dezala eta bultza ditzala politika eraginkorrak "karbono neutraltasuna" 2040ra aurreratzeko –orain arteko planek 2050 urtea dute jomuga–.

Mikel Otero EH Bilduko eledunak azaldu duenez, azken urteetan gas isuriek ez dute behera egin, alderantziz, handitu egin dira, zehazki 2016 eta 2017 urteetan CO2 isurketak %5,45 hazi dira eta kezkatzeko moduko datuak dira horiek, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko data aurreratuz gero, urtean %8ko jaitsiera izan beharko lukeelako joerak: "Larrialdi klimatikoa ez da ingurumen arazo bat, lehen mailako arazo sozial eta ekonomiko bat da", ondorioztatu du. 

Adierazpena aho batez onartu bada ere, kritikarako tartea izan da eztabaidan eta EH Bilduk mahai gainean "plangintza sinesgarririk" ez edukitzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, "mezu nahasgarriak" ematea leporatu dio Arriola sailburuari, aditzera emanez duela egun batzuk esandakoa, "suizida" izango litzatekeela gure jarduera ekonomikoa aldatzea. "Albiste txar bat daukat, ezer ez egitea ez da aukera bat", esan du Jose Ramon Becerrak.

Euskal sozialistek onartu dute jadanik "aitzakiarik ez" dagoela arazoari aurre egiteko eta EAJko Irune Berasaluzek "zintzotasunez eta seriotasunez" jardun beharra azpimarratu du.

Adierazpenaren azken puntuan Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriak beste erakundeekin eta herritarrekin adostu ditzala, "parte-hartze prozesu sozial zabalen bidez".