Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak dakartzaten ondorioak, Europako Ingurumen Agentziak bost urtean behin lantzen duen txostenean jaso duenez.
Europa da, hain justu, azkarren berotzen ari den kontinentea, batez bestekoa baino bi bider azkarrago, txostenean bildutako datuen arabera. "Klima erritmo kezkagarrian ari da aldatzen, eta hori arriskua da segurtasunerako, osasun publikorako, ekosistemetarako, azpiegituretarako eta ekonomiarako", azaldu du Ingurumen Agentziak. 38 herrialdetan bildutako datuak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute biodibertsitate galerak harremana duela ustiapen ez jasangarriak eta kontsumo ereduek egiten duten presioarekin. Hori horrela, agentziak uste du nekez beteko direla 2030erako jarritako helburuak.
Halaber, nabarmendu du prezipitazioen larritasuna areagotzen ari dela, azken urteotako uholdeek erakusten duten moduan. Besteak beste, 2023an Eslovenian eta iaz Valentzian gertatutakoak ekarri ditu gogora txostenak. Baliabide hidrikoei dagokienez, Europako lurraldearen eta biztanleen herenak ur falta dutela azaldu du agentziak, eta laborantza eredua dela horren eragile nagusia: "Pestizidek uraren kalitatea okertzen dute, algen gehiegizko hazkundea sustatu, oxigenoa agortu eta uretako bizitzan eragin".
Datu mordoa jaso dute bost urtean behin plazaratzen den txostenean. Esaterako, muturreko tenperaturen gorakadagatik gutxienez 70.000 pertsona hil ziren 2022an, Europa hegoaldean sute ugari gertatzen ari diren bitartean. Gainera, lehorteek geroz eta kalte handiagoak eragiten dituzte elikagaien produkzioan, energia-sarean edota ur hornidura publikoan. Bestalde, klimarekin lotutakoek 738.000 milioi euroko galerak eragin dituzte 1980 eta 2023 artean –eta kopuru horretatik %22, 2021 eta 2023 artean–.
Proposatutako konponbideen artean daude, bestalde, habitatak biziberritzea, garraioena bezalako sektoreak deskarbonizatzea, laborantzako emisioak murriztea, trantsizio berde eta digitalean inbertsioak egitea eta ekonomia zirkularra bultzatzea, hori guztia Europako Itun Berdeak jasotakoak ardatz hartuta.