Ipar Euskal Herri guztia trabeskatuko du Bizi!-k antolatu martxak eta martxoaren 7an helduko da Baionara. Herriko hauteskundeen testuinguruan, hautagaiak trantsizio ekologikoaren alde engaiatzea nahi du talde ekologistak.
Hogei bat lagun bildu dira astelehen goiz honetan Maulen, Bizi-k antolatu klima eta ekologiaren aldeko martxaren abiatzearentzat. Ipar Euskal Herria trabeskatuko dute, larunbatean Baionara heltzeko helburua finkaturik. Ipar Euskal Herriko herriko bozetarako hautagaiek larrialdi klimatikoa haien programan konduan hartzea eta Metamorfosi Ekologikoaren aldeko Ituna izenpetzea du xede talde ekologistak.
Horra hautagaiei galdetu zaiena: energia berriztagarrien garatzea; ekonomia zirkularraren alde egitea eta hondakinen gutxitzeko neurriak gauzatzea; eusko monetaren erabilpena sustatzea; tokiko eta kalitatezko laborantza sostengatzea; kalitatezko garraio publiko baten alde lan egitea; baita elektrikaren kontsumoa ttikitzeko neurriak garatzea ere. Konpromisoa hartu nahi duenak “metamorfosi ekologikoaren ituna” izenpetuko du.
"Eragiteko palanka asko erabil ditzakete hautetsiek herriko etxe eta elkargo mailan. Hori horrela, tokian-toki nahasmendu klimatikoa mugatzeko bidean, erabakigarriak bezala agertzen dira herri hauteskunde hauek: klimaren aldeko azken kargualdia da", Dominika Durruti Bizi!-ko bozeramailearen arabera. Bozkatzaileei ere, ituna izenpetu dutenen alde bozkatzeko deia luzatuko diete martxaren bidez.
120 kilometro oinez ala bizikletez buruturik, martxoaren 7an helduko da martxa Baionara. Karia horretara, manifestazio "aldarrikatzailea" eginen dute 15:00etan. Martxoaren 5ean dute hautagai izenpetzaileen zerrenda publikoki plazaratuko Uztaritzetik.