Ehunka taldek deitu dute maiatzaren 30ean mundu osoan mobilizatzera, klima aldaketari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzeko xedez. Modu horretan energia garbiaren aldeko aldarria egin nahi dute, abenduan Parisen egingo den klima aldaketari buruzko goi mailako bilerari begira.
“Klimaren alde iratzarri. Eskatu berriztagarriak jada!” lelopean egingo dira elkarretaratzeak. Antolatzaileek gomendioa egin dute pijama, burukoa eta lotarako bestelako jantzi eta objektuak eramateko, siesta bat irudikatuko baita.
Euskal Herrian, Donostian eta Iruñean egin dira deialdiak. Gipuzkoako hiriburuan Aita Vinuesa plazan da hitzordua; Iruñean, berriz, Sarasate pasealekuan. Biak eguerdiko 12:00etan.
Abenduko lehen hamabostaldian Parisen egingo den klimaren goi bileran, munduko gobernu gehienek Kiotoko Protokoloa ordeztuko duen akordioa sinatu behar dute. Helburu horretaranzko lehen urratsak iazko gailurrean eman zituzten, Liman, eta aditu askoren eta bereziki talde ekologisten esanetan emaitza oso eskasa izan zen.