argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketari aurre egiteko trantsizio ereduez jardungo dute Bilbon
  • Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da, abenduaren 19an, Klimagune Workshopen laugarren edizioa, BC3 (Basque Center for Climate Change) ikerketa zentroak antolatuta. Gaia zein izango den jakiteko, izenburuari begiratzea onena: Aukerak, erronkak eta oztopoak iraunkortasunerako trantsizioetan klima aldaketaren testuinguruan.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko abenduaren 17a
Transition town (Trantsizio hiri) direlakoez jardungo dute besteak beste jardunaldian. Irudian Kinsale, Irlanda. (Arg.: ME-CC By SA)

Foroaren helburua klima aldaketaz eztabaidatzea da, eta “Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragile guztiei zabalduta dago”, BC3ren webgunean irakur daitekeenez. Aurtengoan trantsizio ereduei erreparatu nahi diete batik bat; beti ere, klima aldaketaren testuinguruan jasangarritasuneranzko bidea aurkitu nahian.

Jardunaldiaren aurkezpen testuan BC3k dioenez, onarpen zabala du klima aldaketak jendartearen egituretako asko aldaraziko dituelako ideiak. Are gehiago, egitura horietako asko transformatzeko premia dugu honezkero. Bereziki nekazaritzan, garraioan, energian eta hirien antolakuntzan behar da eraldaketa.

Azken 30 urteetan aurrerapenak izan arren, garapen jasangarria sustatzeko bide tradizionalak ez dira gauza izan klima aldaketaren ondorioak leuntzeko, BC3ren esanetan. “Trantsizioak fenomeno konplexuak dira eta ez daude arriskutik eta ziurgabetasunetik at”, diote. Eta bide horretan, gaineratzen dute, zientziak funtsezko ezagutza eskain dezake.

Jardunaldiaren egitarau osoa ikusteko klikatu hemen.