argia.eus
INPRIMATU
Klausula sozialen legea sindikatuen protesten artean onartu du Legebiltzarrak
  • ELA sindikatuak bultzatutako Legegintzako Herri Ekimena (LHE) du oinarri lege horrek. 110.000 pertsonak sinatu zuten ekimen hori, baina ELAk salatu du EAJk eta PSEk boikot egin diotela hasierako testu horri: “ELAk aurkezturiko ekimenak eta gaur onartutako legeak ez dute elkarren antzik”.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 07a

Gasteizko Parlamentuak onartu du kontratazio publikoak klausula sozialak txertatzeko legea; instituzioei zerbitzuak eskaintzen dizkieten langileek lan-baldintza duinak izatea da helburua, EAJren eta PSE-EEren iritziz. Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek bozkatu dute legearen alde, EH Bilduk izan ezik.

ELA eta LAB sindikatuek kritikatu egin dute legea. “Ez die bermerik emango euskal administrazioen menpeko azpikontratetako 55.000tik gora langileei”, salatu du ELAk.  “Bi alderdi horiek gehiago begiratzen die enpresen etekinei, langileen baldintzei baino”, gehitu du.

LABek Gasteizko Legebiltzarrera eraman du protesta, eta “lotsagarritzat” jo du EAJren eta PSE-EEren jarrera: “Klausula sozialak txertatzeko legetzat hartzen badute ere, itxi egin nahi dute klausula sozialen benetako aplikazio eraginkorra”.