argia.eus
INPRIMATU
Limpia
Klasea beti klase
Maria Ortega Zubiate 2025eko irailaren 20a

Dominga Sotomayorren Limpia pelikulak estreinatu du Horizontes Latinos saila, Latinoamerikako pelikulena, hain zuzen ere. Txileko hiriburuan kokatuta, interna edo etxeko langile baten istorio klasikoa ekarri du pantailara Sotomayorrek. Herrialdeko hegoaldeko klase baxuko emakume batek Santiagoko familia dirudun baten etxean beharrean dihardu, etxeko lanak dira bere betebeharra batik bat, baina alaba txikiaren kargu egitea tokatzen zaio sarri. Hainbeste, ezen bien arteko konplizitate moduko bat sortzen den.

Istorioa Alia Trabucco idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutakoa da. Klase zatiketa oinarri duen pieza orok dituen elementu berberak ditu: etxearen jabeak “modernoak” dira, bizitza sozial handia dutenak, umea molde modernoagoz-edo hezi nahi dute, artea gustuko dute... Neskamea, aldiz, xumea da, xume janzten da edo jantzi arazten dute, isila, esanekoa, familiarengandik urrun bizi da, eta gogoan du etxera bueltatzea, ama bisitatzera, baina ezinezko zaio. Zaintzen duen alabarekiko nolabaiteko lotura sendo bat du: hasieran ez dirudi gustuko duenik, muzin ere egiten dio; baina segituan egingo dute harreman berezia.

Bien arteko harreman hori da, hain zuzen ere, pelikularen ardatza, eta nabaritzen da horretan gidoilariak fin egon direla. Umeek ohiko duten kuriositatez, galdera bitxiak egiten dizkio zaintzaileari, eta publikoan irribarre eta barre konplize bat edo beste piztu dituzte bien arteko elkarrizketek. Momentu batez, sinesgarri egin dute klasez gaindiko “familia aukeratu bat” izatearen aukera, Julia umea eta Estela neskamea, azken horren lanak baino zerbait gehiagok lotzen dituela, alegia.

Baina gauzak okertzen hasten direnean, Estelak ama ikustera joan behar duenean baina nagusiek, oso sotilki, baimenik ematen ez diotenean, istorioak buelta ematen du, azaleratu egiten ditu alabaren eta neskamearen arteko arrakalak. Eta ur kolpe batez jota legez, beren bideak banatzen dira. Edo ez.

Pelikula osoan zehar lantzen dira aipatu ideiak, bandoak balira legez ageri dira protagonistak, eta batetik bestera dabil Julia umea, pixka bat nahasgarri suertatu daitekeen trama eratuta, batzuetan mezua bera desitxuratzeraino. Edozelan ere, klase arrakalaren kontakizun on eta fidela da, eta istorio klasikoa izanagatik ere, pelikulak dituen momentu konplizeek merezi dute ikustaldi bat. Bi, agian, ez.