argia.eus
INPRIMATU
Israeli boikota musika jaialdietan ere
  • El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren konplize gisa seinalatuta jaialdietan jotzeari uko egin diote. Azkena Castro Urdialesen (Kantabria) urtero egiten den Sonorica jaialdia izan da, eta Bulego talde azkoitiarrak bertan ez jotzea erabaki du.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 24a
Tomas Lizarazu, Bulego taldeko abeslaria.

Dagoeneko udan murgilduta, musika jaialdien garaia iritsi da Espainiako Estatura ere, eta, horrekin, ugaritzen ari dira jaialdi horietan jotzeari uko egiten ari diren taldeak eta bakarlariak. Izan ere, El Salto hedabideak ikerketa batean ezagutarazi zuen Espainian dozenaka musika jaialdi antolatzen dituen –hala nola Sónar, Viña Rock, Resurrection Fest, Monegros eta Arenal Sound– Superstruct sustatzailea erosi zuela KKR funts israeldarrak. Ikerketaren arabera, arlo ezberdinetan harreman zuzenak ditu funts horrek Palestinan genozidio bat gauzatzen ari den estatuarekin: esaterako, zibersegurtasunean eta Palestinako lur okupatuetan etxebizitzak eraikitzen ari den enpresa batean.

Horren harira, ikerketa argitara atera eta egun gutxira dozenaka musika taldek eta bakarlarik –tartean Fermin Muguruza, ETS edota Lendakaris Muertos– komunikatu bateratu bat atera zuten, KKR funtsak finantzatutako musika jaialdietan jotzeari uko egiten ziotela iragartzeko. Funts horrekin lotura izateagatik Israelen aurkako boikot kanpainaren baitan seinalatutako azken musika jaialdia Sonorica izan da, urtero Castro Urdialesen (Kantabria) egiten dena uztailaren erdialdean. Hain zuzen, sare sozialetan argitaratutako ohar batean Bulego talde azkoitiarrak iragarri du ez duela joko jaialdi horretan.

"Uste dugu taldeak helarazi nahi dituen askatasun balioekin zintzoak izan behar dugula. Palestinan gertatzen ari dena onartezina da eta kontraesanez betetako mundu baten isla jarraitzen dugun arren, kasu honetan gure posizionamendua ezinbestekoa zela uste dugu", adierazi du Bulegok oharrean. Taldeak aitortu du ez dela erabaki erraza izan, zaila baita "Bulego bezalako proiektu batentzat tarte bat lortzea euskal hiztunen mugetatik haratago dauden espazioetan".