Kimioterapia, minbizi guztientzat irtenbide bakar izatetik gero eta urrutiago

  • Chicagon (AEB) egin dute urteroko minbiziaren kontrako konferentzia, eta minbizi mota batzuen kasuan kimioterapiaren alternatibak izan daitezkeenak azpimarratu dituzte zenbait ikerketek.


2018ko ekainaren 06an - 14:42

Le Mondek jaso duenaren arabera, ikerketa horiek aldaketak ekar ditzakete hainbat minbizi artatzeko eran, bularreko eta biriketako minbizietan kasu.

Bularreko minbiziari buruzko ikerketa batek, adibidez, ondorioztatu du kasu gehienetan ebakuntza ostean errezetatzen diren sendagai hormonalak nahikoa liratekeela, prebentziozko kimioterapiaren beharrik gabe. Ikerketak 10.000 emakumez osatutako lagina erabili du, eta bularreko minbizia diagnostikatzen zaien emakumeen %70ak prebentziorako kimioterapia eta honen albo kalteak ekidin ditzaketela adierazi du.

Azaldu dutenez, tumorea birsortzeko aukera kalkulatzeko, froga genetiko bat egiten dute bularreko minbizi kasuetan. Frogak 0tik 100erako puntuazioa darabil, eta 25 puntutik gorako emaitza ematen duten emakumeei kimioterapia gomendatzen zaie, eta 10 puntutik beherako emaitzen kasuan kimioterapia salbuesten dute. Honek, baina, dilema eragiten du 11 eta 25 puntu arteko emaitzak dituztenen artean, eta kimioterapia prebentiboa erabiltzearen aldeko hautua egin ohi da sarri. Bederatzi urtez prebentziora bideratutako kimioterapia prozesuak aztertu ostean, terapia hauek ekarpenik ez dakartela ondorioztatu du azterketak.

Biriketako minbiziari dagokionez, zenbait azterketen jakinarazi dute etorkizunean tumore hauek genetikoki aztertu ahalko direla. Eta tumorean mutazioak ematekotan, sendagaiekin tratatu ahalko liratekeela.

Bestetik, bularreko minbizien kasuan beste tratamendu bat nabarmendu da: immunoterapia, inmunitate-sistema estimulatzen duen tratamendua. Pazienteen gehiengoak kimioterapiak eragiten dituen goragaleak, ile galera eta beste zenbait gaitz saihestu ahalko lirateke. Immunoterapia, baina, ez da baliagarria minbizi kasu guztietan eta albo kalte larriak eragin ditzake.

Ikertzaileek oraindik ere behaketa asko egin behar direla adierazi dute, eta inork ez du baieztatu kimioterapia minbizi mota guztietan alboratu daitekeenik. Hala ere, kimioterapia irtenbide bakarra izatetik gero eta urrunago gaudelako baikor agertu dira asko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Minbizia
2024-01-14 | Leire Artola Arin
Minbiziaren ginkanan, pertsona zelulen aurretik jartzeko aldarria

Minbizia. Mediku bat zuri begira hitz hori ahoskatzen entzuten duzunean amildegi bat zabaltzen zaizu erraietan. Aldakek dar-dar eta aldaketarako indar falta”. Izan Iñurri elkarteko kideak horrelaxe hasten dira definitzen gero eta ohikoagoa den gaixotasunak... [+]


Eguneraketa berriak daude