Biogipuzkoa ikerketa zentroak kimioterapia formula berri bat aurkitu du. Jesus Bañalesek, Biogipuzkoa ikerketa zentroko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduradun eta ikertzaileak, xehetasun gehiago eman ditu.
Prozesua luzea izan da, eta oraindik hastapenean daude, baina Osakidetzako Biogipuzkoa ikerketa zentroak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Donostia International Physics Center ikerketa zentroarekin batera, kimioterapia formula berri bat aurkitu du. Zenbait minbizitan eraginkorra dela ikusi dute, baina batez ere kolangiokartzinoma edo behazun-minbizian jarri dute arreta. Jesus Bañalesekformularen nondik norakoak azaldu ditu.
Kimioterapia formula berri bat deskubritu duzue.
Lau urte inguru daramatzagu eta oso pozik gaude. Lehenengo urratsetan gaude, baina gure asmoa da farmako honek beste minbizi batzuetan izan dezakeen eragina aztertzen jarraitzea. Ikusi nahi dugu nola uztartu daitekeen beste farmako batzuekin eta immunoterapiekin. Aztertu nahi ditugu farmakoaren segurtasuna eta biobanaketa, ikusteko pazienteetan segurua eta eraginkorra dela. Etorkizunean entsegu kliniko bat egin nahi dugu.
Kimioterapia formula honek paradigma aldaketa bat dakar. Zergatik?
Gaur egungo kimioterapiek DNAren kateetako bat apurtzea dute helburu. Horrek tumore zelulak suntsitzen ditu, baina zelulek normalean ikasten dute nola konpondu hausturak. Kimioterapia honek DNAko bi kateen edo harien haustura eragiten du, eta hori, ezohikoa da gaur egungo kimioterapietan. Haustura horiek konpontzea oso zaila denez, oso interesgarria da terapeutikoki. Farmako honen helburua da zuzenean tumore zelulari eragitea eta ez zelula osasuntsuei. Diseinaturiko farmakoek baldintza horiek betetzen dituztela frogatu dugu. Tratamendu honek balio du inoiz tratatuak izan ez diren tumoreentzat eta beste tratamenduekiko erresistentzia erakutsi dutenentzat. Besteak beste, ikusi dugu eragina daukala obarioetako eta bularreko minbizian eta behazun-minbizian.
Nola ebaluatzen duzue farmakoaren eraginkortasuna?
Beste gauza askoren artean, tumore zelulak dituzten pazienteen eta tumorerik ez duten pazienteen zelulak hartu, eta plaka batzuetan ekoizten ditugu. Batean eta bestean probatzen dugu farmakoa eta ikusten dugu tumore zelulak hiltzen dituela, baina ez osasuntsuak.
Kolangiokartzinoma edo behazun-minbizia ikertu duzue bereziki. Zer-nolako ezaugarriak ditu minbizi horrek?
Behazun arazoak sortzen dituen minbizia da, eta gibelean zein gibeletik kanpo eragin ditzake kalteak. Behazun-bideak bilisa garraiatzen eta aldatzen du. Fluido horrek paper garrantzitsua dauka elikagaien digestio eta xurgatzean eta substantzia toxikoen askapenean. Ez dira oso tumore ohikoak, baina azken urteetan gorakada kezkagarria ikusi da. Arrazoien artean egon daitezke bizitza estiloa, obesitatea, diabetesa, gibel koipetsua eta alkohol eta tabako kontsumoa.
Gehienetan oso garatuta dagoenean hautematen den minbizi bat da. Zerk zailtzen du diagnostikoa?
Paziente gehienek sintoma zehaztugabeak dituzte; hala nola pisu galera, ondoeza eta mina. Soilik horrekin zaila da ondorioztatzea behazun-minbizia dela. Horrek diagnostikoa atzeratzen du. Sintoma adierazgarriagoak agertzen direnean, adibidez, ikterizia, gaixotasuna nahiko hedatuta dago. Horrez gain, gaixotasun hepatiko kronikoak dituzten pazienteak daude, eta horiek behazun-minbizia garatzeko arrisku handiagoa daukate. Baina gaur egun minbizia detektatzeko dauden estrategiak ez dira sobera onak hasierako faseetan detektatzeko. Odoleko biomarkatzaile berriak ikertzen ari gara diagnostiko goiztiar bat lortzeko.