Kike Amonarrizek patologia linguistikoen errepasoa egingo du asteazkenean Donostian

  • Kike Amonarrizek Euskal Herriko Patologia Linguistikoak: ze gahixo gauden hitzaldi umoretsua eskainiko du abenduaren 17an Donostiako Garoa liburu-dendan. Umoreaz gogoetak egiteko eta pasadizo xelebreak kontatzeko baliatuko du ARGIArekin batera argitaratu berri duen Azken Txorakikeriak txiste liburua.


2014ko abenduaren 11n - 11:28
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Kike Amonarrizek txisteei adio esango diela adierazi digu, baina adio baino gero arte ez ote den... Argazkia: Dani Blanco.

1980an hasi zen umorea lantzen ARGIAko orrialdeetan eta orduz geroztik, urte hauetan guztietan, umorearen inguruan sortutako hausnarketak partekatuko ditu Garoa liburu-dendan. Gogoetak egiteko Azken Txorakikeriak liburuko adibideak erabiliko ditu. Euskal Herrian benetan gertatutako pasadizoetan oinarrituta patologia linguistikoak ere kontatuko ditu. Benetako pasadizo horietako batzuk liburuan bertan irakur daitezke.

Azken Txorakikeriak liburua azken urteotan ARGIA astekarian argitaratutako txisteen bilduma da eta liburuaren izenburuak azkenak direla badio ere, auskalo Kike Amonarrizen txiste berriez gozatzeko aukera izango ote dugun aurrerantzean. Bitartean, ekitaldi umoretsuaz gozatzeko tartea izango dugu.

Hitzaldia noiz eta non: abenduak 17, asteazkena, 19:00etan, Donostiako Garoa liburu-dendan (Zabaleta kalea 34)

Azken Txorakikeriak liburua hemen salgai.

Kike Amonarrizi Argian umoreaz eta euskaraz egin diogun elkarrizketa hemen.


Eguneraketa berriak daude