argia.eus
INPRIMATU
Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela
  • Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi du Errusiaren gatibupean hil zen kazetari baten gorpua identifikatu dutela, tortura zantzuekin.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 25

Ukrainako gerra amaitu behar zuen bake akordio bat "arriskuan" jartzea leporatu zion asteazkenean Donald Trump AEBetako presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainako bere homologoari. Izan ere, egun berean Financial Times hedabideak zera ezagutarazi zuen: Errusia prest dago guztiz okupatzen ez dituen lau eskualdeen –Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia– gaineko erabateko kontrol eskaerari amore emateko, baldin eta AEBek kontzesio zabalagoak egiten badituzte, hala nola Krimeako anexioa onartzea eta Kiev NATOn sartzeari betoa jartzea.

Errusiak Krimearen anexioa gauzatzea, ordea, "marra gorri" bat dela argi utzi du behin baino gehiagotan Zelenskik: esaterako, asteartean adierazi zuen Ukrainak ez duela "Krimearen okupazioa" onartuko. Trumpek bere sare sozial Truth Socialen Ukrainako presidentearen adierazpen horiek gaitzetsi zituen, Errusiarekin mantentzen ari diren bake negoziazioentzat "mingarriak" baitziren: "Krimearen gaineko kontrola aspalditik dago galduta, eta ez da, inolaz ere, eztabaidatzeko auzi bat".

Halere, negoziazioak "bide onetik" doaz Trumpen ustez, eta harekin ados agertu da Sergei Lavrov Errusiako Atzerri Ministroa. Lavrovekin jakinarazi du Mosku bake akordioa adosteko "ia prest" dagoela: "Prest gaude Trumpek aipatu zuen akordio horretarako, baina badira oraindik puntu batzuk zehaztu behar direnak. Horretan ari gara".

Gatazkari irtenbidea emateko asmoz, Londresen elkartzekoak ziren asteazkenean AEBetako, Ukrainako, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko ordezkariak. Bileraren aurreko egunean, ordea, Washingtonek iragarri zuen Marco Rubio Estatu idazkariak ez zuela bidaiatuko Ingalaterrako hiriburura. Haren ordez, Keith Kellogg Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkaria izan zen bertan, Andriy Yermak Zelenskiren kabinete buruarekin eta Frantziako eta Alemaniako aholkulariekin batera. The Washington Post hedabidearen arabera, AEBk balizko su-eten baterako bide orri bat proposatu zuen bilera horretan, Krimea Errusiaren zati gisa onartzea eta frontearen egungo lerroa izoztea barne lituzkeena.

Putini errieta egiteko txanda

AEBetako presidentearen errieta jasateko txanda, berriz, Vladimir Putin Errusiako presidenteari heldu zaio ostegunean. Egun berean, iazko udaz geroztik Kievek jasan duen aire erasorik bortitzena gauzatu zuen Moskuk, eta 12 lagun hil eta 90 zauritu zituzten Errusiako armadak jaurtitako misilek eta dronek. Berehala heldu zen Trumpen erreakzioa: Zelenskiren aurka egin zuen sare sozial berean, "Vladimir, gelditu!" mezua idatzi zuen. 

Antza denez, Trumpek apirilaren 30erako adostu nahi du bake akordio bat Ukrainaren eta Errusiaren artean, Etxe Zuriko maizter gisa bigarren legealdian 100 egun beteko dituenenean: "Nire epemuga propioa dut", adierazi zien kazetariei asteazkenean Etxe Zurian. Urtarrilean egin ziren AEBetako presidentetzarako hauteskunde kanpainan zehar behin baino gehiagotan esan zuen Ukrainako gerra "presidentetzara iritsi eta 24 ordura" amaituko zuela.

Tortura zantzuak ditu Errusiaren gatibupean hildako kazetari ukrainar batek

Duela bizpahiru egun argitara atera zen etxeko atxiloaldia betetzen ari zen Ekaterina Barabash kazetaria ihes egin zuela. Otsailean atxilotu zuten, Errusiako armadaren kontrako "informazio faltsua" zabaltzea egotzita hamar urteko zigorra ezarrita sare sozialetan argitaratutako zenbait mezurengatik. Ostegunean, berriz, Kievek jakinarazi du Errusiaren gatibupean hil zen kazetari baten gorpua identifikatu dutela. Viktoria Roshchyna 27 urte zituela hil zen iazko irailean, gatibu hilabeteak egin ostean, eta medikuek egindako azterketen arabera, tortura zantzuak dituela adierazi du Ukrainako Fiskaltzak ohar batean.