argia.eus
INPRIMATU
EPPK
“Guztiok EHko kartzela bakarrean elkartu eta erabakiak hartu ahal izateko ordua iritsi da”
  • “Presoen gaiarekin ardura berezia nabari da bazter guztietan, eta kezkaz ikusten dugu Kolektiboa erabiltzeko joera”, diote Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzakideek ARGIArekin egindako elkarrizketan. “Dauden indarrak bildu egin behar dira, sakabanatu ordez”. Batasuna behar dela aldarrikatzen dute, “presoen alde lan eta borroka egiteko prest daudenen artean ere; indar guztiak eskas izango ditugu eta”.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 30

Marixol Iparragirre (1961, Eskoriatza) eta Mikel Albisu (1961, Donostia) mintzakideekin egin du elkarrizketa Sustrai Colina kazetariak. Ekainaren 11ko Parisko Asanblada Nazionalean egin zen Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioan parte hartzeko eskatu zutela jakinarazi dute, baina epaile frantsesek bertaratzeko baimena ukatu zieten. Espainiako Auzitegi Nazionalak senideak deklaratzera deitu dituztela jakin berritan mintzatu dira.

Orain arte ildo nagusia “eustea” izan dela diote, “baina egoera berrian eusteaz gain prozesuari gure ekarpen positiboa emateko ere prest gaude”. “Kolektiboak bitartekariak behar ditu euskal jendartearekin bat egiteko. Gutako bakoitzak behar du bitartekari bat”.

Asteazkenean goizeko 6etatik sarean irakurgai izango den zazpi orriko elkarrizketa argitaratuko du ARGIAk aste honetan. Ondorengo gaiak jorratu dituzte bertan: Parisko Bake Konferentzia, Ipar Euskal Herriko politikan izandako azken urratsak, presoen sakabanaketa, amnistia eskaera, ezker abertzalearen egoera, Eusko Jaurlaritzak emandako azken urratsak, presoen “politikotasuna”, Auzitegi Nazionalak senideak deklaratzera deitu izana eta etorkizunerako emateko prest dauden pauso eta marra gorriak.

“Ez ote da iritsi kontrako bidea egiteko ordua? Kide guztiok Euskal Herriko kartzela bakarrean elkartuz, gizarte eragileekin harremanak izaten utzi eta gure artean askatasunez eztabaidatu eta erabakiak hartu ahal izan ditzagun”, diote.