argia.eus
INPRIMATU
Kherson eta Zaporizhia lurraldeen independentzia ezagutu du Putinek, dekretu bidez
  • Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia Ukrainako eskualdeak Errusia bihurtzeko hitzarmena izenpetzekoa du irailaren 30 honetan Errusiako presidenteak. Hitzaldi "potoloa" zabalduko du Putinek goiz honetan Moskutik. Ukrainak, ordea, ez du erabakia onartzen eta "gogor" erantzuteko asmoa daukala argitu dio Moskuri.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko irailaren 30
Vladimir Putin, Errusiako presidenteak hitza hartuko du irailaren 30 honetan, lau lurraldeak Errusiaren parte direla adierazteko.

Ukrainaren barnean kokaturiko Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia Errusiari anexionatu ahal izateko azken urratsa eman du ostegun gau honetan Vladimir Putinek: Kherson eta Zaporizhia herri independente gisa izendatu ditu, dekretu bidez. Donetsk eta Luhanskentzat urrats hori eman zuen otsailean, bere armada Ukrainara bideratu baino egun batzuk lehenago. Hori horrela, Ukrainako eskualdeak Errusia bihurtzeko hitzarmena izenpetzekoa du irailaren 30 honetan Errusiako presidenteak.

Irailaren 23tik 27ra buruturiko erreferendumari segi dator erabakia. Hain zuzen, galdeketa bukatu berri, anexioa formalki gauzatzeko eskatu zioten Putini Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhanskeko lider errusiazaleek. Galdeketaren antolatzaileek emandako zifren arabera, Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken %98k; Zaporizhian %93k eta Khersonen %87k.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ez du horrelakorik onartzen eta onartuko, eta "gogor" erantzuteko asmoa du.

Putinen diskurtso "potoloa", goizean zehar

Ostiral goiz honetan hitza hartuko du Putinek Moskutik, "diskurtso potolo" bat plazaratzeko. Besta giroan markatu nahi dute lau lurralde horiek Errusia izendatu izana.

Erreferendum horiek salatzeko –eta beraz ezagupenik ez bideratzeko– ebazpena izenpetu beharra dauka NBEren Segurtasun Kontseiluak gaur. Dena dela, jakinik Errusiak beto eskubidea daukala, ez dute erabakia aurrera eramaten ahalko.

Giroa bero-bero dago eta ikusteke dago irailaren 30 honek zer ekarriko duen. AEB eta Mendebaldeak ez dute Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia Errusiari anexionatzeko urratsa onartuko eta Errusiak eta errusiazaleek ez dute bestelakorik nahi... Tentsioa gora doa eta armen bidetik segitzen dute bi aldeek: bonba nuklearraren mehatxuak hor segitzen du –"Errusiak, beharrez, arma nuklearra erabiltzeko eskubidea dauka" Errusiako Segurtasun Kontseiluko Dmitri Medvedeven astearte honetako hitzetan– eta AEBetako Senatuak ere 12.000 milioi dolarreko dirulaguntza bozkatu zuen atzo, tartean 3.000 milioi dolar izanik Ukrainako armada diruz laguntzeko, soldaduak formatzeko eta armatzeko ere.