argia.eus
INPRIMATU
Kezka adierazi dute larriki gaixo dagoen Manu Azkarate presoak azken hilabetean jasandako tratuagatik
  • Manu Azkarate larriki gaixo dagoen preso tolosarrak azken hilabetean bizi izandako egoera eta eskubide urraketak salatzeko agerraldia egin dute ostegun arratsaldean, Tolosako Trianguloa plazan. Tartean, aurpegi ezagunek ere larriki gaixo dauden presoen egoera salatu dute.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2017ko ekainaren 02a
Azkarateren egoeraren berri emateko ostegun arratsaldean agerraldia egin zuten (argazkia: Ataria.).

Azken hilabetean, bi espetxe aldaketa izan ditu Azkaratek. Lehenik, Alcalatik Zaballara eraman zuten, eta ondoren, Alcalatik Martutenera. Mugimendu horiek, gainera, ez zituzten zuzenean egin, eta Zaballatik Alcalara bueltan, Burgosko espetxean izan zuten bost egunez. Maitane Balerdik, Azkarateren emazteak, azaldu duenez, "Burgosen, sarrera moduluan eduki zuten, eta ez zen erizaintzara eramana izan bost egunez, horrela araututa duen arren".

Gaur adierazi dutenez, egun horietan ez zioten medikazio dosia neurtzeko beharrezko duen odolaren koagulazioa neurtzeko analitikarik egin, eta horrez gain, gatzik gabeko dieta onartua eta arautua duen arren, dieta normala eman zioten. "Manuk tentsio altua du gaixotasunaren ondorioz, neurtu eta zaindu beharrekoa, eta egun horietan ez zioten tentsiorik hartu", adierazi du Balerdik.

Horretaz gain, bere mediku txostena Burgos-Alcala bidean galdu zutela jakinarazi zieten. Balerdik dio beraien erantzuna honakoa izan zela: "Cosas que pasan, ya aparecerá" ("gauza hauek gertatzen dira, agertuko da"). "Bere gaixotasunarekin bateragarria ez den egoera batean, 14 orduko bidaia egin behar izan zuen".

Bigarren bidaian, bost eguneko geldialdia eginarazi zioten Valdemoron. "Hemen ere ez zen erizaintzara eramana izan egun horietan, eta gainera, bere eskubidea den arren, ez zioten utzi senideei deirik egiten", azpimarratu du Balerdik. Maiatzaren 23an, berriro ere Alcalara eraman zuten, bere gaixotasunari dispertsioaren zama gehituz.

Guzti honekin, Espainiako Espetxe Erakundeak larriki gaixorik dauden presoekiko duen utzikeria salatu nahi du Sare plataformak. Horretaz gain, politikaren, komunikazioaren edo justiziaren arloan eskubide-urraketa horien aurrean beste alde batera begiratzen dutenak salatu nahi dituzte.

Azkenik, "larriki gaixorik dagoen preso batek zorigaiztoko amaierarik ez izatea" espero dute, eta Tolosaldeko herritarrei adi egon daitezen eskatzen die, "egoera hauek mantentzeko ez dezatela gizartearen isiltasuna erabili".

Albiste hau Josu Atutxak argitaratu du Tolosaldeko Atarian eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.