argia.eus
INPRIMATU
Kepa del Hoyoren omenez milaka lagun batu dira Galdakaon
  • 8.400 lagun bildu dira (GARA-ren zenbaketaren arabera) larunbatean Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko Sortuk, Ernaik eta LABek deitutako manifestazio nazionalean.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 07a

Astelehenean Badajozeko espetxean hildako presoa azkena izan dadila eskatu dute manifestazio hasieran LABeko Igor Arroyok eta Ernaiko Lur Albizuk. Borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu du Albizuk “preso eta iheslari guztiak etxean egon arte”.

Manifestazioaren amaieran ekitaldian Peru Del Hoyo presoaren semeak esker hitzak eskaini dizkie bertaratutakoei. Aitarekin zuen harreman pertsonalaz hitz egin du: “Keparen amets guztiak berarekin hil dira. Horregatik nahi ditugu preso guztiak etxean. Nire aitaren heriotza azkena izan dadila”.

 

 

Sortuko Arkaitz Rodriguezek ere hartu du hitza. PPren gobernua egin du heriotzaren erantzule, eta gogora ekarri du EAJk eta PSOEk diseinatu zutela sakabanaketa politika. Presoei mezua helarazi nahi izan die ere: “Ez zaituztegu bakarrik utziko sekula”. Bakea eta askatasuna lortzeko Ezker Abertzaleak borrokan jarraituko duela adierazi du.

Herritar Batasunak deituta, 50 lagun batu dira ordu eta leku berean “lelo eta pankarta propioekin”. Ezker Abertzalearekin kritiko diren hainbat talde batzen ditu mugimenduak.

 

 

 

(Arg: @Ernaigazte)

 

 

 

 

 

 

(Arg.: @ernaigazte)