argia.eus
INPRIMATU
Ken Loach zinegileak “erabateko boikot kulturala” deitu du Israelentzat
  • Ken Loach zinegile ingelesak Israelek bultzatutako ekimen kultural eta kirol jarduera oro boikotatzeko deia egin du. Sarajevoko zine-jaialdian egin ditu adierazpenak. AEBk eta Erresuma Batuak Israeli emandako babesa salatu du. “Nire herriak, bere lotsarako, AEB 'matoiari' jarraitzen dio. Baina ez gara indargabeak eta batera joka dezakegu”.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 28a
Erresuma Batuak Israeli armak bidaltzen uzteko eskaeraren sinatzaile ospetsu nagusienetakoa da Loach. (Arg.:variety.com)

Adierazpen hauekin Loachek Israelen aurkako BDS mugimenduarekin bat egin du. Palestinarren giza eskubideak onartu arte, boikota, desinbertsioa eta zigorrak eskatzen dituen nazioarteko kanpaina da hau.

Saria Gazako bi dokumentalgileei zuzendua

Katrin Cartlidge Fundazioaren saria Gazako bi dokumentalgileei eskaini aurretik hartu du hitza Loacek. Abdel Salam Shehadeh eta Ashraf Mashharawi dira saritutako palestinarrak. Abuztuaren 25ean, Hamas eta Israelek su-eten iraunkorra adostu bezperan izan zen sari-banaketa. Shehadeh zinegile palestinarra ez zen bertan izan, Israelen aire-erasoek bertaratzea galarazi baitzioten.

Mashharawi Sarajevon izan zen, baina mugak itxita eta bonbardaketak bere horretan jarraitu artean, Palestinara ezin zela itzuli adierazi zuen. “Itxaron beharra daukat, baina nire eginbeharra ere bada biktimen ahotsa hona ekartzea”, adierazi zuen Mashharawik.

Loachek hitza hartzean, paralelismoak egin zituen Sarajevoko biztanleak haien herria hartua izan zenean bizi izan zuten sufrimenduaren eta Gazan bizi dutenaren artean. Saritutako zinegileei zuzendu zen esanez, haien lanak ezinbestekoak direla gatazka osotasunean ulertzeko.