Kazetaritza Bakurren: artazi turkiarrean saltoka

  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da seigarrena.
Dayîkên Aşîtîyê-rekin topaketa, Estatuaren errepresioak hildako senitartekoak.

2018ko maiatzaren 17an - 12:10

Turkiako erregimenean ezkerretik eta herri kurduaren alde egindako ekimen politikoa jardun arriskutsua bada, gauza bera esan daiteke Ankararen politikaren aurrean kazetaritza kritiko egiteari buruz. Espainiako Estatuan bezala, komunikabide gehienek ez dute sistema kritikatzen, ez bada azaletik, kazetaritza independente eta konprometituak arrisku dosia dauka, are gehiago Kurdistanetik egiten bada.

Jin News-eko Amed-eko egoitzara egindako bisitak kazetari independenteen baldintzak erakutsi zizkigun ordu eskas batean. Jin News 2012an sortutako eta emakumeek kudeatutako online komunikabidea da. Genero ikuspegia eta emakumeen kontrako zapalketa moten salaketa  oso presente daukate. Komunikabidearen egoitza ia 20 solairu dituen eraikin baten apartamentu bat da. Identifikazio-seinalerik ezak, azkar sartzeko eta irteteko argibideak eta itxigailu batzuetako ate blindatuak langileen eguneroko lana testuinguruan kokatzen dute. Komentatu zigutenez, informatzaileentzat urte gogorrenak 90. hamarkadakoak izan ziren. Garai horretan Turkiako Estatuaren errepresioa kurdu kutsua zeukan denaren aurka gupidagabekoa izan zen. 20 kazetari baino gehiago hil zituzten garai horretan. Gaur egun, informatzaileen desagertze fisikoa ohikoa ez bada ere, komunikabideen jazarpena, itotze ekonomikoa edota itxiera zuzena, baita kazetarien prozesatzea eta kartzelaratzea ere, erabilitako prozedurak dira. Izan ere, 2018ko urtarrilean 245 ziren espetxeratutako kazetariak, Stockholm Center for Freedom erakundearen arabera. Hori guztia populazio turkiarraren gehiengoan sakon eragin duen kriminalizazio-kanpainan kokatuta. Terrorismoaren propaganda egiteak hiru eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra dakar, eta hori da hain zuzen kazetaritza kurdua isiltzen saiatzeko gehien erabiltzen den akusazioa. Egin, Egunkaria eta Ardi Beltzaren itxierak eta euskal komunikabide batzuen langileen jazarpena aipatzen diegunean, ezagutzen dutela erantzun digute.

Guztiok esertzeko lekurik ez zegoen gela txiki batean, informatzaile kurduek azaldu ziguten Turkiako armadak eta talde jihadistek Afrin-en kontra egindako ofentsiban 200 bat kazetari atxilotu zituztela eraso horretaz informatzeagatik. Esan ohi da gerran lehenengo biktima egia dela. Honetan ere, erregimen turkiarrak ez zuen nahi lekuko deserosorik suntsitutako zonaldean. Bakarrik turkiar ikurra duten balkoiei eta umea besopean duten soldaduei argazkiak ateratzen dizkieten kazetari otzanak.

Informazioaren profesionalek aurre egin behar dioten beste oztopo bat gobernuak kazetari-kredentzialak ukatzea da, lanbide honetara gehitu nahi duten pertsona berrien lana nabarmenki zailtzen duena. Kontatu zigutenez, akreditaziorik gabe informatzeko lanetan ibiltzeak espetxean bukatzea ekartzen du sarri, momentuan aldean eramandako materiala galtzeaz gain. Kexa honekin batera beste ardura bat, kritikarekin nahastua: Europako kideengandik jasotako elkartasun urria.

Kasu batzuetan informazioaren aurkako presioa eta zentsura irrigarri izateraino heltzen dira. Wikipedia-rako sarrera blokeatuta zegoela esan zigutenean, konprobatu behar izan genuen, ikusteko, benetan, horrela zela. Hain “arriskutsua” den horrelako webguneak sarrera ezindua bazuen, gauza bera gertatu behar zuen eduki politikoagoak dauzkaten beste web-ekin. Izan ere, Kurdistani buruzko edukiak dauzkaten hizkuntza askotako webguneak blokeatuta zeuden ere.        

Kazetari taldearekin izandako bileraren ostean, bertsio ofizialarekin bat ez datorren edota bakearen eta elkar-ulermenaren alde egiten duen edozein testigantza isiltzeko saiakera ikusi ahal izan genuen berriz. Dayîkên Aşîtîyê (Bakearen aldeko amak) taldearen hamar kideetako baten etxean izandako topaketa hunkigarria izan zen. Emakume guztiek senitartekoren bat galdu zuten gatazkan. Beren zapi zuria buruan eta beren testigantzaren lasaitasun eta indarrarekin, Plaza de Mayoko amak eta amonak gogorarazten dituzte. Izan ere, haiekin kointziditu dute Zapiak Historiarako (2015) dokumentalean, Nora Cortiñas-ekin batera parte hartuz.

Afrin-en kontrako ofentsiba basatiaren eta eragindako biktimen deskribapen etsi baten ostean abisua heldu zen: poliziaren tanketa bat eta kalez jantzitako polizia batzuk eraikinaren azpian itxaroten ari ziren. Agur azkarraren ostean eskailerak jaitsi genituen, gure zain zegoen minibusean segituan sartzeko argibideak jasota. Baina alferrik izan zen. Poliziak gure bila joanak ziren eta ataritik atera bezain pronto haietako baten galdera motzak heldu ziren, ingelesez. Gure lagun kurdu baten bitartekaritzaren ostean eta polizia batek mugikorrarekin gure pasaporte guztiei argazkiak atera ondoren, joan ahal izan ginen. “Hau ohikoa da” komentatu ziguten lagunek. Jabetuak ginen horretaz. Jazarpena eta zentsura bezain ohikoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude