argia.eus
INPRIMATU
Kazetarien %75ek presioen aurrean amore ematen du Espainiako Estatuan
  • Espainiako Estatuko kazetarien %57ak onartu du bere burua zentsuratzen duela, eta %75ak presioen aurrean amoren ematen duela, kaleratua izateko beldurragatik, Madrilgo Prentsaren Elkarteak (APM) 2016ko txostenean bildutako datuen arabera.

ARGIA @argia 2016ko abenduaren 16a
Kazetaria txotxongilo moduan ageri da N.Hafiz ilustratzailearen marrazkian.

Informazioaren 1.800 profesionali egindako inkestaren arabera, presioak datoz hedabideetako arduradunen, haien jabe diren enpresetako buruen zein bestelako enpresa, instituzio edota fundazioetako prentsa-bulegoen eskutik.

Txostenaren egileen hitzetan, presioei aurre egiteko modurik eraginkorrenak lirateke, besteren artean, kazetariek prekarietate egoeran lan ez egitea eta enpresak egoera ekonomiko hobean izatea. Zentzu horretan, arazoa aztertzeko Presioen Behatokia sortzea proposatu du APMk. Lan baldintzei dagokienez, ikerketaren egileek diote profesionalen artean, autonomoen artean berekizi, asko direla astean 45 ordu lan egiten dutenak.

Madrilgo Prentsa Elkarteko presidente Victoria Pregok –duela 20 bat urte ¡A por ellos! esamoldea famatu egin zuenak– adierazi du Espainiako Estatuan kazetaritzak "itxaropen mingarria" bizi duela, sektorearen egoera kezkagarria delako batetik (bereziki 45 urtetik gorako profesionalentzat), eta teknologia berriek ate berriak ireki ditzaketelako bestetik.