argia.eus
INPRIMATU
Kazetari euskaldun falta Ipar Euskal Herrian: formakuntza eskaintzen hasi dira
  • Hedabideek egin zuten eskaera: kazetari euskaldunak falta dira Ipar Euskal Herrian. Hiru unibertsitateren arteko elkarlanari esker, Baionan eskainiko dira ikasketak, eta praktikak eta ikasketak aldizkatuko dituzte bi urtez.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko irailaren 04a
Diploma aurkeztu zuteneko irudia, maiatzean. (Argazkia: Guillaume Fauveau)

Kazetari euskaldunak atzemateko zailtasunak zituztela jakinarazi zuten Ipar Euskal Herriko hedabideek, eta EPP Euskararen Erakunde Publikoarengana jo 2020an. EEPk akordioa erdietsi zuen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearekin, Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Orain hiru urte abiatu zuten eragileen arteko gogoeta, eta eskuz esku aritu dira formakuntza akademikoa prestatzen.

Baionan kazetaritza euskaraz ikasi ahal izango da ikasturte honetan eta hurrengoan; bi urteko ikasketa-prozesua izango da. EHUko ikasketak lau urtekoak dira, baina Ipar Euskal Herriko diagnosian premia handiagoa dagoela argudiatuta, denboran hurbilagoa izatea pentsatu dute. Hogei pertsonak eman zuten izena eta hamaika hautatu dituzte. Maiatzean foro bat antolatu zuten hedabide eta ikasle horiek juntatzeko, topaketa horietan ikasleek beren burua aurkeztu zioten hedabide bakoitzari, eta gero hedabideek hautatu zuten zein ikasle hartu bi urtez aprendiz gisa. Gutxieneko soldata bat pagatuko diete hedabideek ikasleei.