argia.eus
INPRIMATU
Kazetari bat atxilotu dute Grezian 2.000 iruzurgile fiskalen izenak argitaratzeagatik
  • Costas Vaxevanis kazetari greziarra atxilotu dute urriak 28 igandean, ustez iruzur fiskala egiten duten 2.000 laguneko zerrenda argitaratzeagatik. 2010ean Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak –artean Frantziako Ogasun Ministroa zen– Greziako agintariei eman zien zerrenda berdina da eta Suitzako bankuetan kontuak dauzkaten greziarren izenak ere jasotzen ditu.

2012ko urriaren 29a
Vaxevanis atzo, atxiloketaren momentuan.

Fiskalaren aurrean deklaratu ondoren aske utzi dute Vaxevanis egunean bertan, baina epaile batek galdekatu du gaur. Izaera pribatuko dokumentu pertsonalak argitaratzea leporatu diote. "Iritzi publikokoa den nire lana besterik ez dut egin, kazetari batek argitaratu du denak ezkutatzen saiatzen ari diren egi bat", erantzun dio epaileari. 2 urteko kartzela zigorrari aurre egin beharko dio.

Vaxevanisek Hot Doc astekarian argitaratu zuen zerrenda larunbatean eta atxilotuko zutela aurreikusita, zera adierazi zuen: “Iruzurgile fiskalak eta zerrenda hau eskuetan eduki zuten ministroak atxilotu ordez, egia eta prentsa askatasuna atxilotzen saiatuko dira”.

Greziako iruzur fiskala oso handia da duela bi urte Chicagoko Unibertsitateko hiru irakaslek egindako ikerketa baten arabera: 28.000 milioi euroko iruzurreraino iritsi ziren 2009an, hau da, Greziako estatuak urte hartan eduki zuen aurrekontu-defizitaren %31.