argia.eus
INPRIMATU
Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma 2014ko azaroaren 9an
  • Independentziari buruzko galdeketaren datari buruzko akordioa itxi dute CiU, ERC, ICV eta CUP alderdiek. 2014ko azaroaren 9an egingo dute kontsulta eta bi galdera egingo dituzte: “Nahi al duzu Katalunia estatu bat izatea?” eta, baiezkoa emanen duten herritarrek, “Nahi al duzu Katalunia estatu independentea izatea?” galderari erantzungo diote ondoren.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 12a
Independentziari buruz galdetuko dute.

2014ko azaroaren 9an egingo dute erreferenduma, Berlingo harresia erori zen egun berean.

Ondorengoak egon dira bilduta ordubetez: Generalitateko presidente Artur Mas, ERCko presidente Oriol Junqueras, ICVko koordinatzaile nagusi Joan Herrera, CUPeko diputatu David Fernandez eta Quim Arrufat.

"Galdeketa datorren urtean egiteko akordioa itxi dugu", esan du Artur Masek prentsaurrekoan: "Denbora gutxian lortu dugu adostasuna. Bi egun besterik ez ditugu eman, eta ona dela uste dut".

"Espainiako Estatuak demokratikoki jokatzea espero dut; eta Kataluniako herriari bere etorkizuna erabakitzen uztea", adierazi du presidenteak.

Oriol Junqueras: "ERCk ez zuen hain galdera luzea nahi. Herritarrek independentziaren inguruan bozkatzea nahi genuen, baina gainerako alderdien eskaerak ulertzen ditugu. Galdera kateatuaren formula hautatu dugu kataluniarren gehiengoa mobilizatu eta independentismoaren garaipena lortzeko. Adostasunetara heldu behar dugu, horregatik ez du lehenengo galderak zuzenean independentziaz hitz egiten, guk nahiko genukeen bezala. Herritar gehienek galdera biei erantzungo dietela uste dugu. Lehenengo galderari baietz erantzunez gero soilik erantzun ahal izango diozu bigarrenari".

Joan Herrera (ICV): “Galdera bikoitzak baietzaren aldeko gehiengoa emango du. Federalistak eta independentistak batuko dituen baiezkoa izango da”. “Guk baiezkoa emango diogu Katalunia estatu bat izateari”. “Autonomia erkidegoa izateari utzi nahi diogu, subiranotasunetik”.

"Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremana berdinen artekoa izatea nahi dugu. Kontsulta egunean mantenduko dugun jarrera une horretako eszenatokiaren menpe egongo da neurri handi batean. Pilota Espainiaren teilatuan dago orain".

Quim Arrufat (CUP): "Guk proposatzen genituen elementuak ditu galderak, eta horregatik onartu genuen. Hemen bilduta gauden alderdi politikoak gogobetetzen dituen akordioa da". "Horrelako aurrerapausorik ez da sekula eman".

Akordioa publiko egitean, Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaileak esan du ez dela "inongo galdeketarik egingo", ez duelako legeak jasotzen.

Rubalcaba (PSOE): "Autodeterminazio erreferenduma da, eta mundu osoak daki gu horren kontra gaudela". "Sozialistok ez gatoz bat erreferendumeko galderarekin. Masek kale itsu batera darama Katalunia. Gobernuko presidenteak eta PSOEk jarrera bera dugu gai honetan".