Meritxell Budó Generalitateko bozeramaileak berretsi duenez publikoki, Kataluniako kaleetan ibiltzeko derrigorrezkoa izango da musukoa jantzita eramatea, baita pertsonen artean gutxienekoa baino tarte handiagoa egonda ere. Lleidan COVID-19aren agerraldi berriak kontrolik gabe dirauela dirudienean hartu du neurria Generalitateak.
Honela mintzatu da Meritxell Budó Generalitateko bozeramailea: "Gure ustez, makara janztea derrigortuta bermatuko dugu behar den guztietan erabiliko dela ziur egotea. Musukoa orokortu beharra dago birusari aurre egiteko bestelako tresnarik ez dagoen bitartean. Uste dugu neurri eraginkorra suertatuko dela".
Budók ez du zehaztu derrigortasunak barne hartuko dituen hondartza eta piszinak ere, baina bai esan du neurri honekin erantzun nahi diola Generalitateak azken asteotan jendartean nabaritu duen lasaitze giroari. Astearte eta asteazkenean Kataluniako Babes Zibilak (PROCICAT) egin behar duen bilkuran zehaztuko dira xehetasunok.
Une honetan Lleida eskualdean dauka Espainiako Estatuak koronabirusaren erasorik gogorrena. Hego Euskal Herrian azken astean hauteman den Ordiziako agerraldia ere Lleidatik iritsitako herritar batek ekarri zuela jakin da.