argia.eus
INPRIMATU
Katalunian independentismoa gorantz doa eta %45era heldu da azken inkestan
  • Artur Mas eta Mariano Rajoy aurki biltzekoak dira, baina antza denez, adostasunera heltzeko esperantza gutxirekin. Bien bitartean, El Paísek egindako inkesta baten arabera, independentismoa gorantz doa Katalunian. Inkestaren arabera, Masek planteatutako bi galderei %45ak emango lioke baiezkoa; maiatzean egindako galdeketan baino hiru puntu gehiago.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 21
Inkesten emaitzen arabera, %70eko parte hartze altuarekin irabaziko luke independentziak, botoen erdia baino gehiagorekin.

1.000 lagunei egin zaie galdeketa, 3,2ko errore-marjina aintzat hartuz. Prozesu soberanista Esquerra Republicanari mesede egiten ari zaiola ondorioztatu dute, eta CiUren “hondoratzea” ere azpimarratu dute. PSPk eta PPk ere beherakada nabarmena izan dute galdeketan.

Kataluniari Espainia barnean konpetentzia gehiago emango liokeen aukera katalanen %38ak nahiko luke inkestaren arabera. Hirugarren bide hori PSC, ICV, Podemos eta CiUko sektore esanguratsuak babesten du.

Herritarrak independentziaren ondorioez informatuta daudela uste dute, baina %61ak sakoneko ondorioez ez direla jakitun uste du. %70eko parte hartze altuarekin lortuko luke aukera independentistak garaipena, botoen erdia baino gehiagorekin. Gehiengoak Katalunia independenteak Europar Batasunean jarraituko lukeela uste du.

Iraila prozesu soberanistan hilabete garrantzitsua izatea espero da. Oporren bueltan, Kataluniako Parlamentuak Kontsulta Legea onartuko du, honen bitartez erreferenduma antolatzeko.

Josep Duranek dimisioa eman du

Prozesu soberanista aurrera doala ikusita eta CiUn izandako desadostasunak medio, Josep Antoni Duran i Lleidak dimititu egin du Unió eta Convergència koalizioko “bigarren buru” gisa. Honek utzitako tokia Ramon Espadalerrek hartuko du, Generalitateko barne sailburuak.

Hala ere, Duranek ez du bere ibilbide politikoa amaitutzat jo. Kongresuko bere aulkia mantendu eta Unióko buru izaten jarraituko du. Alderdiak orain dela egun gutxi iragarri zuen “kontsulta ofizialki deitu arte”, ez dela galderaren aurrean erabat posizionatuko, CDCk egindakoaren kontrara.