argia.eus
INPRIMATU
Preso eta iheslarien egoera turistei ikustarazteko hiru autobus prestatu ditu Omnium elkarteak
  • "Freedom for all Catalan political prisoners and exiles" leloa daramaten hiru autobus prestatu dituzte Katalunian, herrialdea bisitatzera joaten diren milioika turisten arreta deitu eta Espainiako Estatuaren errepresioa salatu asmoz. Òmnium elkartearen kanpaina da eta beren webgunean azaldu dituzte zergatiak.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 10
Horrelako hiru autobus prestatu dituzte Kataluniako gune turistikoenetan informazioa banatzeko.

Abuztutik irail erdialderarte, gune turistikoenak baliatuko ditu atzerritarrei autodeterminazio eskubidearen defentsa egin eta preso eta iheslari politikoen existentzia azaldu asmoz.

Òmnium Cultural elkarteko lehendakariorde Marcel Mauri de los Ríosek adierazi duenez, "nahi dugu turistek jakitea onartezina dela demokrazia batean kultur elkarte bateko presidentea, Jordi Cuixart bezala, baita beste preso eta iheslari politiko guztiak dauden egoeran egotea oinarrizko eskubideak praktikan jartzeagatik".

Kamisetak, postalak eta pegatinak

Òmniumek autobusez gain, hiru euskarri prestatu ditu nazioartean Espainiako Estatuaren errepresioa salatzeko: kamisetak, postalak eta pegatinak. Atzerrira joatean aldarria zabaltzeko dei egin diete herritarrei.